Joxe Iriarte ‘Bikila’: Catelsako langileen borroka eredugarria
Joxe Iriarte ‘Bikila’. Orereta. Zergatik eredugarria? Ez al dira langile borroka guztiak berez eredugarriak? Zentzu batean, bai. Borrokarik gabe, luzaro ezinezkoa suertatzen baita eskubideak bermatzea. Patronalak oso ondo daki hori. Izan ere, patronalak jabegoa ez ezik legedia ere bere alde du —eta ordena zaintzen dutenak, jakina—; langileriak, berriz, klase elkartasuna eta sendotasuna, eta behar denean, lantegia geldiarazteko ahalmena. Zoritxarrez, aspaldi da, politika neoliberalari esker —sindikalismo mota baten laguntzaz, hori ere azaldu behar baita— asko moteldu da langileria. Ez du garai batean zuen indarra, irmotasuna eta bere buruarekiko konfiantza, zeinen eraginez lortu genuen orain kentzen ari diguten ongizatea. ‘Patronalaren jazarpenak ukitzen ez didan bitartez, bost axola niri, edo gaitz erdi!’. Bere buruari horrela hitz eginez egin diote aurre krisiari askok eta askok. Horregatik gaude gauden bezala. Patronala harrotuta eta langileria kikilduta. Krisiaren lehen zantzuekin etorri dira erregulazio txostenak (EREak), eta lantegi itxialdiak. Modu bateko edo besteko langile kanporatzeak. Langabeziaren handitzea, oro har. Jakina, lan finkoa ez zutenak lehen kaleratuak izan dira, gehienetan erresistentziarik gabe eta askotan lan finkoa zutenen onespen etsituarekin. Errealitate horren ondoren, ez da harritzeko langabezian geratu diren gazte andanak paso egitea sindikalismoari, grebei, eta abarrei. Catelsako langileen borroka logika horren kontra doa. Catelsako lantegia ez dago krisian, eta [...]
Joxe Iriarte ‘Bikila’. Orereta.
Zergatik eredugarria? Ez al dira langile borroka guztiak berez eredugarriak? Zentzu batean, bai. Borrokarik gabe, luzaro ezinezkoa suertatzen baita eskubideak bermatzea. Patronalak oso ondo daki hori. Izan ere, patronalak jabegoa ez ezik legedia ere bere alde du —eta ordena zaintzen dutenak, jakina—; langileriak, berriz, klase elkartasuna eta sendotasuna, eta behar denean, lantegia geldiarazteko ahalmena.
Zoritxarrez, aspaldi da, politika neoliberalari esker —sindikalismo mota baten laguntzaz, hori ere azaldu behar baita— asko moteldu da langileria. Ez du garai batean zuen indarra, irmotasuna eta bere buruarekiko konfiantza, zeinen eraginez lortu genuen orain kentzen ari diguten ongizatea. ‘Patronalaren jazarpenak ukitzen ez didan bitartez, bost axola niri, edo gaitz erdi!’. Bere buruari horrela hitz eginez egin diote aurre krisiari askok eta askok. Horregatik gaude gauden bezala. Patronala harrotuta eta langileria kikilduta.
Krisiaren lehen zantzuekin etorri dira erregulazio txostenak (EREak), eta lantegi itxialdiak. Modu bateko edo besteko langile kanporatzeak. Langabeziaren handitzea, oro har. Jakina, lan finkoa ez zutenak lehen kaleratuak izan dira, gehienetan erresistentziarik gabe eta askotan lan finkoa zutenen onespen etsituarekin. Errealitate horren ondoren, ez da harritzeko langabezian geratu diren gazte andanak paso egitea sindikalismoari, grebei, eta abarrei.
Catelsako langileen borroka logika horren kontra doa. Catelsako lantegia ez dago krisian, eta zuzendaritzak ia hamar urte lanean jardunean aritako aldizkako langile talde bat kanporatzeko bidea hartu badu, ez da lanik gabe dagoelako, langileak otzandu eta aldizkako langileen egituraketa sendotu nahi duelako baizik. Komiteko sektore batek —LAB eta ESK-ko kideek osatua— aski ondo ulertu du zuzendaritzaren erabakiaren nondik norakoa eta kontra jarri da, kaleratuekin elkartasuna antolatzeari ekinez.
Elkartasun horren ondorioz, talde batek ia hilabete bat darama enpresaren sarreran planto eginez —hasieran komiteko kide batek gose grebari ekin zion eta handik aste batera beste batek ordezkatu zuen—. Eta duela hamar egunetik gaurdaino, lantegiko langile gehienek elkartasun grebari ekin diote eta bere horretan jarraitzen dute.
Hots, Catelsako langileek, aldizkako langileak kaleratzearen kontra ez ezik, finkoak bihurtzearen alde ari dira. Eta hori, zoritxarrez, oso gutxitan ikusten dugun borroka mota da. Hortik eredugarria izatearen arrazoia. Oarsoaldeko herri eta langileriak berea egin beharko luke, elkartasunaren bitartez. Nola? Bada, hasteko, lantegi aurrean daudenekin elkartuz, bertan azalduz animo emateko. Eta ondoren, borroka horren nondik norakoak lau haizetara zabalduz… eta manifestazioak antolatzen badira bertan azalduz.