Arantza Gonzalez: “Birgaitzea izango da EBren lan ildo nagusia” (elkarrizketa osoa)
Arantza Gonzalez (Beasain, 1964) da Ezker Batua (EB) alderdiaren hautagaia Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia izateko. Gogor kritikatu du administrazio horren azken lau urteetako jarduna, zerga politikari eta Pasaiaren birgaitzeari dagokionez. EBk, dio Gonzalezek, birgaitzearen alde egingo du, kanpo kairik gabe, zerga politika justuagoa bultzatuko du, eta herritarren parte hartzerako bide berriak bilatuko ditu Azkeneko lau urteak. Zein balorazio egiten duzu Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardunari buruz? Azkeneko lau urteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lanaren ezaugarri nagusia izan da eliteentzako eta diru gehien dutenentzako zerga politika aplikatzea. Horren adibidea da ondare zerga bertan behera utzi izana. Horren ondorioz, Ogasunak urtero 50 milioi euro gutxiago jasotzen ditu. Bestalde, elkarteen zerga ere jaitsi dute. Oso garrantzitsua da gogoraraztea irabaziak dituzten enpresek bakarrik ordaintzen dutela zerga hori, eta hala ere, jaitsi egin dute. Egun, etekinak dituzten enpresek %15 ordaintzen dute zerga hori. Langileok, ordea, %21 ordaintzen dugu. Laburbilduz, Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteetan martxan jarri duen zerga politikaren ondorioz, Ogasunak 300 milioi euro gutxiago jasotzen ditu urtean. Zerga politika guztiz erregresiboa (atzeragarria) izan da, guztiz eskuinekoa eta bakarrik gutxi batzuen onurarako pentsatua, eta, noski, langileen kalterako. Pasaiari dagokionez, zer balorazio egiten duzu? Galdutako lau urte izan dira, Gipuzkoako Foru Aldunditik begiratuta, behintzat. Kanpo kaia izan [...]
Arantza Gonzalez (Beasain, 1964) da Ezker Batua (EB) alderdiaren hautagaia Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia izateko. Gogor kritikatu du administrazio horren azken lau urteetako jarduna, zerga politikari eta Pasaiaren birgaitzeari dagokionez. EBk, dio Gonzalezek, birgaitzearen alde egingo du, kanpo kairik gabe, zerga politika justuagoa bultzatuko du, eta herritarren parte hartzerako bide berriak bilatuko ditu
Azkeneko lau urteak. Zein balorazio egiten duzu Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardunari buruz?
Azkeneko lau urteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lanaren ezaugarri nagusia izan da eliteentzako eta diru gehien dutenentzako zerga politika aplikatzea. Horren adibidea da ondare zerga bertan behera utzi izana. Horren ondorioz, Ogasunak urtero 50 milioi euro gutxiago jasotzen ditu. Bestalde, elkarteen zerga ere jaitsi dute. Oso garrantzitsua da gogoraraztea irabaziak dituzten enpresek bakarrik ordaintzen dutela zerga hori, eta hala ere, jaitsi egin dute. Egun, etekinak dituzten enpresek %15 ordaintzen dute zerga hori. Langileok, ordea, %21 ordaintzen dugu. Laburbilduz, Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteetan martxan jarri duen zerga politikaren ondorioz, Ogasunak 300 milioi euro gutxiago jasotzen ditu urtean. Zerga politika guztiz erregresiboa (atzeragarria) izan da, guztiz eskuinekoa eta bakarrik gutxi batzuen onurarako pentsatua, eta, noski, langileen kalterako.
Pasaiari dagokionez, zer balorazio egiten duzu?
Galdutako lau urte izan dira, Gipuzkoako Foru Aldunditik begiratuta, behintzat. Kanpo kaia izan da proiektu nagusia, baina proiektu hori hilda dago. Lau urte eman dituzte proiektu horrekin bueltaka, eta denbora galdu dute. Proiektu horrek ez du bideragarritasunik, ez ekonomikoa, ez ingurumenari dagokionez, ezta bideragarritasun sozialari dagokienez ere. Gai horren gainean, bestalde, kritika gogorra egin behar diogu PSE-EEri ere, EAJren eskutik joan delako eta proiektu beraren alde dagoelako. Inolako izateko arrazoirik eta bideragarritasunik ez duen proiektua da. Gero, Udalaren jardunari dagokionez, ezker abertzalearen kudeaketa kritikatu behar dut, San Pedroko lonjei dagokienez. Kokapen berria onartu dute, bai, baina inguru horren birgaitzea baldintza bezala jarri gabe. Ondorioz, trafikoek eta merkantziek Trintxerpe-San Pedro zonalde horretatik pasatzen jarraituko dute, herritik, alegia. EBren iritziz, ez da egokia izan pauso hori. Guk denbora daramagu esaten lonja bertan mantentzeak birgaitzea baldintzatuko duela, eta denborak erakutsiko du hori horrela izango dela.
Datozen lau urteei begira, EBk zer lan ildo izango ditu Gipuzkoako Foru Aldundian?
Aldundian, guretzako ezinbestekoa da zerga politikaren gaia jorratzea. Gehikortasuna (progresibitatea) berreskuratu behar da. Gehiago dutenek, gehiago ordaindu behar dute. Banaketa justua bilatu behar dugu; izan ere, orain zerga politika gutxi batzuentzat diseinatuta dago. Hori izango da gure lan ildo nagusia. Gero, nola ez, gizarte politikak landuko ditugu. Gizarte zerbitzuak, gainera, sektore publikotik eskainitakoak izatea bultzatuko dugu. Sektore horrek hazteko aukera asko dituela uste dugu, eta, gainera, hazkundea izango duela. Hazkunde hori gizarte hazkundea da, eta pertsonen ongizatea bilatzen du. Enplegua sortzeko ere kapazitate asko du sektoreak, gainera. Hori ezinbestekoa izango da guretzako.
Eta Udalari dagokionez?
Birgaitzea izango da lan ildo nagusia, baina, noski, kanpo kairik gabe. Beste alternatiba batzuk bilatu behar zaizkio PSE-EEk eta EAJk aurkeztutako proiektuari. Eredu hori antzinakoa da eta porrot egin du. Logistikan, garraioan… etorkizuna ez dago halakoen esku. Ikusi besterik ez dago Irungo adibidea. Garraioaren hiria izango zela saldu ziguten, eta Gipuzkoan langabezia tasa gehien duen hiria da. Eredu hori ezin da esportatu, ez Pasaiara, ezta Oarsoaldera ere. Bide horrek zuzenean porrotera eramango gaitu. Birgaitzea oso garrantzitsua izango da, kanpo kairik gabe, eta ingurumen baldintzak errespetatuta —garrantzitsuak dira baldintza horiek—. Horrekin lotuta, ezinbestekoa izango da herritarren parte hartzea. Birgaitzeari dagokionez, plan estrategiko bat proposatzen dugu, ez bakarrik Pasaiarako, eskualde guztirako baizik (Oarsoalderako, alegia). Eta plan horrek herritarren parte hartzearekin eta eskualdeko eragileekin egindakoa behar du izan.
Gainontzeko gaietan ere parte hartzea bultzatuko duzue?
Bai, noski. Guretzako herritarren parte hartzea oso garrantzitsua da. Zentzu horretan, udal ordenantza sortuko dugu, parte hartzean oinarritutako aurrekontuak egiteko. Horrez gain, herritarren parte hartzerako ordenantza orokorra ere egingo dugu, legegintzaldi honetan onartu ez dena. Alegia, bata orokorra izango da, eta bestea aurrekontuak egiteko. Gero, aurrerago jo beharko dugu, eta parte hartzeko beste bide batzuk ere bilatu, hauteskundeetatik haratago doazenak. Horrez gain, hezkuntza publikoaren alde egiten dugu. Pasaiak behingoz lortu behar du DBHko ikastetxe publikoa. Gai nagusia, hala ere, birgaitzea izango da, lortu behar baita.