Mendoza: “Konbentzituta nago PSOEren gobernua bukatu dela; aldaketa nahi dugun alderdiok adostasun batera iritsi behar dugu”
Julen Mendoza abokatua (Errenteria-Orereta, 1978) da Bilduren zerrendaburua Udalerako. Azken ordura arte ez zekiten aurkezten utziko zieten, baina “sekula galdu ez duten” ilusioarekin buru belarri sartuta daude kanpainan ezkerreko koalizio subiranistako kideak. Bihar arratsaldean ekitaldi nagusia egingo du Bilduk Niessen kulturgunean, 19:30etik aurrera. Mendozaz gain, zerrendako bigarren postuan dagoen Garazi Lopez Etxezarretak ere hartuko du hitza. Carlos Garaikoetxea lehendakaria ere mintzatuko da, baita Martin Garitano Aldundirako hautagai nagusia ere. Zeintzuk izango dira Bilduren lan ildoak datorren lau urtetan? Bi izango dira. Lehenengoa, eta premiazkoena, Udalaren aurrekontuen saneamendua egitea. Krisi egoeran gaude eta Udalari eragin dio. Egoera horri aurre egiteko neurriak hartu behar ditugu. Bilduk aurrekontu horiek hartu, begiratu eta Udala saneamendu politika batean sartuko ditu. Lehenengo gauza gastu politikoa gutxitzea izango litzateke. Herritarrari eskatzen zaio krisi garaian esfortzua egin dezan, krisia gainditzeko, baina politikariek ez du esfortzu hori egiten. Gizarteak politika mespretxatzea eraman lezake horrek. Bestetik, hiria egin behar dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu hiri bizia egitea, herritarren parte hartzearekin. Programa mailakatu batekin, hiri hau biziberritu nahi dugu: bai hirigintzako jarduerak egin nahi ditugulako; bai ekimen kultural bitartez hiriko hainbat eremu berpiztu nahi ditugulako, baita jarduera ekonomikotik bultzada eman nahi diogulako ere. Azken horri garrantzia ematen diogu, enplegua sortu behar dugulako. [...]
Julen Mendoza abokatua (Errenteria-Orereta, 1978) da Bilduren zerrendaburua Udalerako. Azken ordura arte ez zekiten aurkezten utziko zieten, baina “sekula galdu ez duten” ilusioarekin buru belarri sartuta daude kanpainan ezkerreko koalizio subiranistako kideak. Bihar arratsaldean ekitaldi nagusia egingo du Bilduk Niessen kulturgunean, 19:30etik aurrera. Mendozaz gain, zerrendako bigarren postuan dagoen Garazi Lopez Etxezarretak ere hartuko du hitza. Carlos Garaikoetxea lehendakaria ere mintzatuko da, baita Martin Garitano Aldundirako hautagai nagusia ere.
Zeintzuk izango dira Bilduren lan ildoak datorren lau urtetan?
Bi izango dira. Lehenengoa, eta premiazkoena, Udalaren aurrekontuen saneamendua egitea. Krisi egoeran gaude eta Udalari eragin dio. Egoera horri aurre egiteko neurriak hartu behar ditugu. Bilduk aurrekontu horiek hartu, begiratu eta Udala saneamendu politika batean sartuko ditu. Lehenengo gauza gastu politikoa gutxitzea izango litzateke. Herritarrari eskatzen zaio krisi garaian esfortzua egin dezan, krisia gainditzeko, baina politikariek ez du esfortzu hori egiten. Gizarteak politika mespretxatzea eraman lezake horrek.
Bestetik, hiria egin behar dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu hiri bizia egitea, herritarren parte hartzearekin. Programa mailakatu batekin, hiri hau biziberritu nahi dugu: bai hirigintzako jarduerak egin nahi ditugulako; bai ekimen kultural bitartez hiriko hainbat eremu berpiztu nahi ditugulako, baita jarduera ekonomikotik bultzada eman nahi diogulako ere. Azken horri garrantzia ematen diogu, enplegua sortu behar dugulako. Udalak, dituen aukeretatik abiatua, enplegua sustatu behar du.
Herritarren parte hartzeari garrantzia ematen dio Bilduk. Nola gauzatuko zenukete parte hartze hori?
Testuinguru batean kokatze aldera, esan behar dugu bizi izan dugun garaia merkatuaren garaia izan dela, non merkatuak agindu duen eta hiria egin duen. Botere publikoak ikusle hutsak izan dira. Nire ustez, botere publikoa gailenduko den garaira pasatuko garela. Bereziki, parte hartzearen garaia izango da eta botere publikoek herritarrekin egingo dute hiria. Parte hartzeak, slogan-a baino, kultura izan behar du, denboran zehar luzatu behar duena. Lehenengo urtean ez dugu lortuko kultura hori ezartzea. Herritarrak konturatu behar du bere parte hartzeak zer garrantzia duen guztiontzako hiria egiteko orduan.
Horren harira, lehenengo neurria batzorde eta plenoak arratsaldetan jartzea izango litzateke. Herritarrek joan nahi badute, plenoak ezin dira 08:30ean jarri. Aholkularitza kontseiluak ere martxan jarri behar dira. Hirigintzakoa, esaterako, ez dago martxan, borondate politiko batengatik. Kontseilu ezberdinak martxan jarri behar dira.
Arlo kulturalari dagokionez, herri honek duen ekimen kulturala ikaragarria da, maila guztietan, bai kultura leherketa txikienetik hasi eta handieneraino. Esaterako, garrantzia handia du Musikastek, antolaketan dagoen jendearen parte hartzearengatik eta lortu duen tokia parte hartze horri esker izan dela eta zoriondu beharra dugu. Badaude beste ekimen batzuk ere: Erromeria Eguna, Sagardo Eguna, San Tomas… Herri honi bizitza ematen diote ekitaldi horiek guztiek, txikienetik hasita handiraino.
Herritarrek politikan parte hartze hori gauzatuta ikusi beharko luke.
Bai. Herritarrek ikusi behar dute ez zaiela erabiltzen. Beldurrak uxatu behar ditugu guztiok, emaitzaren beldur izaten direlako askotan politikariak. Berme eta formazio maila guztiekin ematen den prozesu baten ondoren, emaitza bat emango dute eta emaitza hori herritarrentzako onuragarria izango da. Herritarrek eurek antzematen dituzte lehenago zeintzuk diren hiri baten hutsune edo gabeziak, eguneroko bizitzan eragiten dietelako. Erakutsi behar zaio herritarrari bere iritziak balio duela. Erakutsi behar dugu Udalaren kudeaketa denona dela, ez soilik politikariona.
Udalek duten abantailetako bat herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea dela da. Hori baliatu behar da. Ez Aldundiak ezta Eusko Jaurlaritzak ezin dute herritarrengandik hain hurbil egon. Praktikan jarri behar da beren parte hartze politikoa ez dela lau urtean behin botoa ematera mugatzen.
Bukatzen ari den legegintzaldiaren zein balantze egiten du Bilduk?
Inoiz baino argiago utzi diote Orereta-Errenteriako gizarteari aldaketa hori ezinbestekoa dela. Hori da nagusiena. Herri honetan sortu da giro bat alkatetzarengan oso pertsonalizatuta dagoena, Juan Carlos Merinok berak sortu duena.
Bestalde, Udal Gobernuak ez du jakin aurrekontuaren saneamendua egiten. Udala bizi izan da higiezinen boom-aren errentetaz eta gabezia izugarrian bizi da. Eta ez dute jakin horri buelta ematen, ez dituztelako beharrezko neurriak hartu.
Udala bere tokira itzuli behar da, inoiz atera behar ez zuen tokira. Alegia, boom horrek ematen zizkion ekarpenak baino lehenagoko tokira. Hori da bere benetako posizioa, bestea fikziozkoa izan da. Ziurrenik, bere aukeren gainetik bizi izan da Udala.
Diozun aldaketarako giro hori nabaritzen al da?
Alderdi loturetatik haratago, nabaritzen da PSOEren 28 urteko gobernua nahikoa dela pentsatzen dutela herritar askok. Ez da bat-batean sortu den giroa, baizik eta urtetan igotzen joan den sentsazioa izan da. Guk eskaera horri arduraz erantzun behar diogu. Ezin diogu herritarrei berriro ere huts egin. Aldaketa hori ikusten dugun alderdiok adostasun batera iritsi behar dugu. Gure eskuetan dagoena egingo dugu. Herriaren nahi horri erantzun behar diogu.
Egingarri ikusten al duzu aldaketa?
Ni konbentzituta nago PSOEren gobernua bukatu dela. Ez daukat inongo zalantzarik. Iruditzen zait Bilduk emaitza oso-oso onak aterako dituela eta iruditzen zait aldaketa hori nahi dugun alderdiok adostasun batera iritsiko garela. Ia-ia ziur esan dezaket aldaketa posible izango dela. Guk jendeari transmititu behar diogu ilusio hori eta erakutsi PSOEren gobernua betirako izango den gobernua dela. Etsipen hori kendu nahi dugu eta adierazi momentua gertu dagoela. Aukerak badaude, baldintzak ematen dira eta konbentzitua gaude lortuko dugula.
Zein iritzi duzu PSE-EEren politika sozialen gainean?
Ziurrenik PSOEk udal hipotekatua utziko du. Gobernatzea oso zaila da eta slogan-ak egitea oso erraza. Ni ez naiz slogan-ak egitearen zalea. Arduraz jokatu behar da, eta herritarrek hori eskatzen dute. Lehendabizi Udalera iritsi behar da eta zer utzi duten begiratu. Beldur naiz ez ote diguten udal oso hipotekatu bat utziko, bai hirigintza aldetik bai ekonomikoki. Horrek, dudarik gabe, eskatzen du guztiok gerrikoa pixka bat estutzea. Noski, gerrikoa estutze horrek proportzionala izan behar du: gutxien dutenei gutxiago eskatuko zaio eta gehien dutenei gehiago eskatuko zaie. Hartu behar ditugun neurriak filosofia ezkertiar horrekin hartu behar ditugu.
Hirigintza aldetik, ikusi behar dugu zer dagoen eta saiatu behar gara orain arte mantendu den dinamika bati buelta ematen. Litekeena da Udal Gobernu honek promotoreekin hitzarmenak itxita edukitzea, eta horrek lotuko gaitu. Gure aldetik, egoera horri buelta eman nahi diogu eta egin nahi dugun hiri bizirako irtenbideak aurkitzea.
Bilduk, bere borondatearen kontra, aurrekanpainan protagonismo handia izan du Auzitegi Gorenaren erabakiarekin. Nola bizi izan duzue?
Egia da protagonismo handia izan duela, baina maila pertsonalean ez da oso atsegina izan horrelako egoera batean egon gintezkeela. Gauza oso larria da gertatu dena: jendeari erradiografiak egin dizkiote. Fitxategi polizialak erabili dituzte, ziurrenik legez kanpokoak direnak, eta oso kezkagarria da estatu batean horrelako dinamikak erabiltzea. Auzitegi Gorenaren erabakia kolpe oso gogorra izan zen, horrelako zerbait gertatuko ez zela espero nuelako. Baina erakutsi ziguten marra gorri guztiak igarotzeko gai direla. Eragin handia izan zuen guregan, baina ilusioa mantendu genuen, badakigulako bidea oso ona dela, bide baketsu eta demokratikoa dela.
Auzitegi Konstituzionalaren erabakia arnas hartzea izan zen euskal gizarte osoarentzako, ez soilik Bildurentzako. Argi geratu da Euskal Herriko gaia ulertzeko bi modu daudela. Alde batetik, Euskal Herriko gehiengo zabal batek duen bizitzeko modua —alderdi sozialistak izan dituen posizionamenduak daude hor— eta, bestetik, Espainiako estatuan dutena. Badago konfrontazio bat euskal gizartearen eta espainiar gizartearen artean. Zentzu horretan, orokorrean, arnasa hartu zuen euskal gizarteak. Ea politika beste modu batean egiten hasteko gai garen, jendea nazkatuta baitago. Ilusioa sortu behar dugu eta gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakutsi.