Bilduren aldeko mobilizazioak egingo dituzte gaur
Haritz Salaberria (Lezoko alkatea, ezker abertzalea) «Espero zitekeen erabakia. Bultzada politiko baten ondorioa da, juridikoki kontu gutxi dagoelako hortik ateratzeko. Orokorrean, prozesuari beste oztopo bat jartzeko erabakia da, gauzak dauden bezala jarrai dezaten. Gainera, gure herriei dagokienean, kolpe handia da, baina uste dut denok nahiko argi dugula lehenago edo beranduago honek aurrera egingo duela, ezin duela berdin jarraitu. Hala ere, luzatzeko egiten dituzten saiakerek kalte handia egiten dute, baina badakite ezingo dutela betiko luzatu».
Bixen Itxaso (Pasaiako PSE-EE) «Orain Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia Konstituzionalean aztertu behar dute, eta nahiko nuke beste epaitegi horren erabakiak gertatu direnen zeinua aldatzea. Botoa emateko eskubidea oinarrizkoa da, eta interprezatioetatik at egon behar dute eskubide horren gainean hartzen diren erabakiek. Pisuzko frogak izan behar dira eskubide hori kentzeko, eta prentsan irakurri dudanez, interpretaziotik gehiago dute frogatik baino».
Miriam Cano (Pasaiako Hamaikabat) «Alderdien Legearen kontra beti egon gara eta, azken finean, Auzitegi Gorenaren erabakia beste oztopo bat da egiten ari garen bidean. Guk bageneukan itxaropena Gorenak argi berdea emateko. Ez da hala izan eta Konstituzionalean itxaropenak jarrita izango dira ezker abertzalea hauteskundeetan egoteko. Erabaki zentzuduna har dezaten itxaroten ari gara».
Aitor Kerejeta (Hondarribiko alkatea, EAJ) «Albiste oso txarra da. Lotsagabekeria bat iruditzen zait erabakia, bai ikuspuntu politikotik, bai ikuspuntu juridikotik. Ez du ez hankarik ez bururik. Hitzak agortu dira jada. Alderdien Legearen gainean esan beharreko guztiak esan zituen EAJk, Sorturen ilegalizazioaren gainean ere eta are gehiago Bildurenean. Ez dakit itxaropena den hitza, baina ea zer erabakitzen duen Auzitegi Konstituzionalak. Itxura txarra du».
Iñigo Imaz (Aralar) «Egoera antidemokratiko baten aurrean gaude. Oraingoan, gainera, larriago iruditu zaigu. Izan ere, Rubalcabak berak esaten zuen ezker abertzale ofizialak erabaki behar zuela ‘botoen eta bonben artean’, eta azkenean hautua argia izan denean, PSOEk eta PPk bultzatu zuten Alderdien Legearen ondorioz, zerrendak ilegalizatu dituzte. Aurretik eraman dute jende independente asko, eta berriro gaude betiko zurrunbiloan.