Joxe Mari Mujika herrian da
Joxe Mari Mujika Jitxo preso oreretarra atzo arratsaldean itzuli zen herrira hogei urtez espetxean egon ondoren. Azken urteak Villenako (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxean egin ditu Mujikak, eta hain zuzen, atzo atera zen handik. Herritar talde ba...
Joxe Mari Mujika Jitxo preso oreretarra atzo arratsaldean itzuli zen herrira hogei urtez espetxean egon ondoren. Azken urteak Villenako (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxean egin ditu Mujikak, eta hain zuzen, atzo atera zen handik.
Herritar talde batek autobusa antolatu zuen harrera egiteko, eta larunbat gauean abiatu ziren hara. Igandean, 08:30 aldera atera zen oreretarra, bertaratu zirenen oihu eta besarkada artean. Hara joan zirenen arabera, “momentu hunkigarriak” bizi zituzten espetxe berean dagoen Joseba Agudo preso oreretarra leihora irten zenean.
Zortzi orduko bidaiaren ondoren, 18:30 aldera iritsi zen autobusa herrira. Villenara jo zirenek esan dutenez, identifikatu egin zituzten bidaian, baina ez zuten bestelako arazorik izan. 500 pertsona inguruk egin zioten harrera herrian. Aurreskua dantzatu eta lore sorta eman ondoren, hitz batzuk egin zituen Mujikak. Lehendabizi, eskerrak eman zizkien espetxetik irtetean harrera egin zieten guztiei, eta ondoren, berak jaso zuen berotasuna preso guztiei eskaini zien. Horrez gain, garai berriei “indartsu eta gogotsu aurre egiteko” eskatu zien horiei.

