Maiatzaren 1ean, Errenteriatik Donostiara
Maiatzaren lehenari begira, hainbat talde ezkertiarrek Errenteriatik Donostiarako martxa antolatu dute. 10:00etan aterako da martxa Zumarditik, eta Donostiako Bretxako merkatuan amaituko da. Zehazki, honako sindikatuek eta talde politikoek antolatu ...
Maiatzaren lehenari begira, hainbat talde ezkertiarrek Errenteriatik Donostiarako martxa antolatu dute. 10:00etan aterako da martxa Zumarditik, eta Donostiako Bretxako merkatuan amaituko da. Zehazki, honako sindikatuek eta talde politikoek antolatu dute: ESK, CGT, CNT, Ezker Batua, EPK, Antikapitalistak, Gorripidea, Gazte Komunistak eta Kepasakonlakasa. Antolatzaile horiek aurtengo Langileen Egunerako honako leloa aukeratu dute: Maiatzaren lehena: antikapitalista, antimilitarista eta antinuklearra.
Hiru adar izango ditu, beraz, martxak. Antikapitalista, antolatzaileen arabera, krisia sortu dutenak erasoaldi bat hasi dutelako aberastasuna euren alde banatzeko, ondare publikoa pribatizatzen ari direlako, eta arlo sozialeko lorpenak suntsitzen ari direlako.
Antimilitarista, Libian, Yemenen, Bahreinen, Sirian eta beste hainbat herrialdeetan eman diren altxamenduen kontra hasitako “eskalatze belikoarengatik”. Hala, 2009an Espainiako Estatuak Gadafiri 20 milioi euro saldu zizkiola armetan gogorarazi dute, eta orain armak Saudi Arabiari saltzea aztertzen ari dela.
Azken puntua, antinuklearra, Fukushimako istripuan oinarrituta erabaki dute. Antolatzaileen esanetan, energia nuklearra bultzatzen ari dira, “baina Japonian gertatutakoak agerian utzi du ez dela bideragarria eta arriskutsua dela”. Horregatik, zentral nuklearrak ixteko eskatuko dute.