Edalontzia eta sagardoa
Bi egun besterik ez dira falta herriko jairik handienetako batez gozatu ahal izateko: Sagardo Eguna. Aurten ere buru-belarri aritu dira herriko hainbat norbanako eta elkarte jaia aurrera eramateko lanean, eta hala, 23.enez egingo dute sagardoaren festa handia Errenteria-Oreretan. Pasa den asteartean eman zituzten Sagardo Egunaren xehetasun guztiak antolatzaileek, eta “herrian jada sendotua” dagoen ekitaldi bezala aurkeztu zuten. “Hilabete luzeetako lanak larunbatean bere fruituak jasoko ditu, besteak beste, talde finko bati esker”, zehaztu zuten. Goizetik hasita, egun osora arte luzatuko da festa. Hala, 11:30ean bolo eta toka jokoak egingo dituzte. Aurten, iaz bezala herrian zeuden garai bateko sagardotegiei “keinu txiki bat” egin nahi izan diete joko horien bidez. Antolatzaileek deialdia zabaldu diete herritarrei bolo eta toka jokoetan parte hartzera animatzeko. Eguerdiko hamabietan egingo dute Sagardo Egunaren irekiera ofiziala. Herriko jaietan txupina botatzearekin bezala, Sagardo Egunean sagardo botila bati kortxoa kenduz hasiko da festa. Hortik aurrera, ez dira ekitaldiak eta musika faltako. Foru plazan, euskal jokoetan parte hartu eta sagardoa dastatzearekin batera, jai giroa jarriko dute irrintzilariek, bertsolariek, dultzaineroek, trikitilariek, dantzariek eta txistulariek. Bazkarirako atsedenaren ostean, Zumardira mugituko da festa. 18:00etatik aurrera, berriro sagardoa dastatzeko aukera izango da. Goizean bezala, gainera, irrintzilariak, txalapartariak eta trikitilariak ibiliko dira giroa alaitzen, eta horiekin batera, [...]
Bi egun besterik ez dira falta herriko jairik handienetako batez gozatu ahal izateko: Sagardo Eguna. Aurten ere buru-belarri aritu dira herriko hainbat norbanako eta elkarte jaia aurrera eramateko lanean, eta hala, 23.enez egingo dute sagardoaren festa handia Errenteria-Oreretan.
Pasa den asteartean eman zituzten Sagardo Egunaren xehetasun guztiak antolatzaileek, eta “herrian jada sendotua” dagoen ekitaldi bezala aurkeztu zuten. “Hilabete luzeetako lanak larunbatean bere fruituak jasoko ditu, besteak beste, talde finko bati esker”, zehaztu zuten.
Goizetik hasita, egun osora arte luzatuko da festa. Hala, 11:30ean bolo eta toka jokoak egingo dituzte. Aurten, iaz bezala herrian zeuden garai bateko sagardotegiei “keinu txiki bat” egin nahi izan diete joko horien bidez. Antolatzaileek deialdia zabaldu diete herritarrei bolo eta toka jokoetan parte hartzera animatzeko.
Eguerdiko hamabietan egingo dute Sagardo Egunaren irekiera ofiziala. Herriko jaietan txupina botatzearekin bezala, Sagardo Egunean sagardo botila bati kortxoa kenduz hasiko da festa.
Hortik aurrera, ez dira ekitaldiak eta musika faltako. Foru plazan, euskal jokoetan parte hartu eta sagardoa dastatzearekin batera, jai giroa jarriko dute irrintzilariek, bertsolariek, dultzaineroek, trikitilariek, dantzariek eta txistulariek.
Bazkarirako atsedenaren ostean, Zumardira mugituko da festa. 18:00etatik aurrera, berriro sagardoa dastatzeko aukera izango da. Goizean bezala, gainera, irrintzilariak, txalapartariak eta trikitilariak ibiliko dira giroa alaitzen, eta horiekin batera, batukada izango da.
Sagardo Egunera hurbiltzen direnek ere topo egingo dute Zumardian sagardoa botatzeko lehiaketarekin. Bertan, herriko hainbat elkartetako kideek parte hartuko dute.
Sagardoaren usainaz gain, txekorrarena ere gailenduko da gunean. Izan ere, goseari aurre egiteko txekor bat erreko dute.
Zapia, edalontzia eta pintxoa
Festari behar bezala aurre egiteko ezin dute hiru elementuk huts egin: zapia, edalontzia eta pintxoa. Antolatzaileek aurreratu dutenez, aurten ere edalontziaren irudia berritu dute, eta itxura berezia eman diote. Urtero bezala, horiek eskuratzeko aukera izango da Sagardo Egunean 6 euroren truke.
Hiru gauzak erostearekin batera zozketa batean parte hartzeko aukera izango da, eta txartel bana emango dute. Irabaziz gero, Donosti sagardotegian bazkaltzeko edo afaltzeko parada izango du zortedunak.
Egunean bertan herriko elkarteak eta boluntarioak lanean ariko dira. Horiei eskerrak eman zieten antolatzaileek Sagardo Egunaren aurkezpenean.
Horrekin batera, elkarbizitzarako deia egin zuten “eguna giro ederrean igarotzeko”.
Bost sagardotegi
Sagardoa dastatzera hurbilduko dira ia denak Sagardo Egunean, eta bertan bost sagardotegitako zukua probatzeko aukera izango dute. Beloki (Biriatu), Larraldea (Lekarotz), Lindurrenborda (Lesaka) eta Goiko Lastola (Hernani). Herriak ere izango du bere ordezkaria: Donosti sagardotegia.
Elkarteak
- Alkartasuna.
- Amulleta.
- Auzolan.
- Batasuna.
- Beraun Bera.
- Buagaitz.
- Euskaldarrak.
- Gau txori.
- Gure toki.
- Hibaika arraun elkartea.
- Lagunak.
- Landare.
- Niessen.
- Ondarra.
- San Huberto.
- Txepetxa.
- Txintxarri.
Joaquin San Sebastian: “Sagardozaleak elkartzeko motibo bat da”
Sagardo Egunari begira, urtero omendu bat izaten da, eta aurten Donosti sagardotegiari keinu bat egin diote urtero laguntzen baitiete sagardo jaia antolatzen. Hala, bertako arduradunari, Joaquin San Sebastiani (Errenteria-Orereta, 1946), eman diote Antton Mendizabalek egindako eskultura. San Sebastian pozik azaldu da emandako sariarekin, eta eguraldiak lagunduz gero, biharkoa egun polita izango dela iragarri du.
Aurten zu izan zara Sagardo Eguneko omendua. Pozik al zaude?
Bai oso pozik nago. Detaile bat izan dute gurekin gogoratu direlako, eta pozik bai. Gu ere ahalegina egiten dugu beraiei beti laguntzeko.
Zer da zuretzako Sagardo Eguna?
Sagardo Eguna egun alai bat da. Sagardozaleentzat egun polit bat da, eta jende ugari elkartzen gara hemen eguerdi aldean; baserritar ugari ere jaisten dira… Azken finean, sagardozaleak elkartzeko motibo bat da. Sagardo Egunak 23 urte daramatza martxan.
Sasoi onean ikusten duzu?
Beti egon izan da indartsu, eta aurten ere hala dago. Gainera, jende askok laguntzen du, eta egun polita izaten da. Jende gazte ere asko joaten da; batzuetan bere burua ondo zaintzen ez dakien bakarren bat ere izaten da tarteka, baina bestela, oso egun polita izaten da.
Egun horretan lanean ibiliko zara edo ongi pasatzeko denbora ere izango duzu?
Gu larunbat egurditan itxita izaten dugu lantokia, eta orduan goizean zehar ibiliko gara pixka bat sagardoa dastatzen. Arratsaldean, berriz, agian ez dugu denborarik izango, baina goizean seguraski bai.
Nolakoa espero duzu aurtengo Sagardo Eguna?
Nik uste dut gorabehera ikaragarria dagoela eguraldiarekin. Eguraldiak laguntzen badu, egun zoragarri bat izan daiteke, baina eguraldi txarra denean, orduan txarra izaten da denentzat. Baina nik uste dut eguraldiak laguntzen baldin badu egun umoretsua eta polita izango dela.