Merino: “Zero zabor ezinezkoa da, eta erraustea besterik ez dago”
2003tik Errenteriako alkate da Juan Carlos Merino (Valladolid 1948), eta berriro PSE-EEren zerrendaburua izango da alkatetzarako. Ez dago ez urduri eta ez kezkatuta ere. Maiatzeko bozetan, herritarrek lau urte horien nota jarriko diotela uste du; akatsak akats, lana ongi egin duelakoan da. Agintaldi gogorra izan da, batik bat krisi ekonomikoak eragindakoa. Horrekin gutxi ez, eta San Marko Mankomunitateko presidente ere izendatu dute. Zeintzuk izan dira agintaldi honetako punturik indartsuenak eta ahulenak? Azken lau urteetatik, hiru krisi ekonomikoaren eraginpean pasatu ditugu, eta diru gutxiago jaso dugu, batik bat Foru Funtsetik. Horretara moldatu behar izan dugu, eta proiektuak geldiarazi behar izan dira. Saneamendu planak eta aurrekontuak doitzeko planak egin behar izan dira. Horrek zer esan nahi du? Mozketak nondik egin behar izan diren. Etxebizitzako ekonomian bezala, gerrikoa estutu behar da, eta gutxiago gastatu. Energia aurrezteko proiektuetan sartu gara, eta diru laguntza gehiago ere eskatu ditugu. Puntu indartsuenei begiratuta, Zapatero planari esker, inbertsio gehienak egin ahal izan ditugu: babes ofizialeko etxebizitzak, berritze lanak, ibilgailu elektrikoak erosi… Nola egin diozue aurre krisiari? Gastuak murriztu ditugu, baina batzuetan, aurrezteko, aurretik inbertitu egin behar izaten da. Ur isurketetan, esaterako, edo argiztapenean. Aldatzen hasten bazara, inbertitu egin behar izaten duzu, eta luzera begira nabaritzen da aurreztea. Gutxiago [...]
2003tik Errenteriako alkate da Juan Carlos Merino (Valladolid 1948), eta berriro PSE-EEren zerrendaburua izango da alkatetzarako. Ez dago ez urduri eta ez kezkatuta ere. Maiatzeko bozetan, herritarrek lau urte horien nota jarriko diotela uste du; akatsak akats, lana ongi egin duelakoan da. Agintaldi gogorra izan da, batik bat krisi ekonomikoak eragindakoa. Horrekin gutxi ez, eta San Marko Mankomunitateko presidente ere izendatu dute.
Zeintzuk izan dira agintaldi honetako punturik indartsuenak eta ahulenak?
Azken lau urteetatik, hiru krisi ekonomikoaren eraginpean pasatu ditugu, eta diru gutxiago jaso dugu, batik bat Foru Funtsetik. Horretara moldatu behar izan dugu, eta proiektuak geldiarazi behar izan dira. Saneamendu planak eta aurrekontuak doitzeko planak egin behar izan dira. Horrek zer esan nahi du? Mozketak nondik egin behar izan diren. Etxebizitzako ekonomian bezala, gerrikoa estutu behar da, eta gutxiago gastatu. Energia aurrezteko proiektuetan sartu gara, eta diru laguntza gehiago ere eskatu ditugu. Puntu indartsuenei begiratuta, Zapatero planari esker, inbertsio gehienak egin ahal izan ditugu: babes ofizialeko etxebizitzak, berritze lanak, ibilgailu elektrikoak erosi…
Nola egin diozue aurre krisiari?
Gastuak murriztu ditugu, baina batzuetan, aurrezteko, aurretik inbertitu egin behar izaten da. Ur isurketetan, esaterako, edo argiztapenean. Aldatzen hasten bazara, inbertitu egin behar izaten duzu, eta luzera begira nabaritzen da aurreztea. Gutxiago gastatu dugu bulegoko materialean, eta ordezkapenetan; momentuan egin beharrean, gehiago itxaroten ari gara. Bestetik, igo egin ditugu kuota batzuk ere.
GLL Gizarte Larrialdiko Laguntzak puri-purian izan dira azken udalbatzarrean; murrizteaz gain, baldintzak gogortu baitira.
GLLak Eusko Jaurlaritzaren eta udalen artean ematen dituzte, baina ez dira behar-beharrezko laguntzak. GLL emateko baremoak aldatu dira, eta hori normala izan daiteke. Laguntza horiek lortzeko, joan den urtera arte, 30.000 euroan zegoen muga, eta hori 8.000 eurora jaitsi da. Alegia, 8.000 eurotik gorako kapitala badaukazu, helburua da hori gastatzea, eta, laguntza gehiago behar baduzu, emango dizugu dirua. Inor ez geunden ados, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako Sailak iragarri du hori aldatuko duela; horren zain gaude.
Kontuan izan behar da, baina, krisi garaian gaudela…
Nik berdin pentsatzen dut, baina dauden bitartekoak daude. Hala ere, gastuak murriztu beharko balira, beste tokietatik murriztuko lirateke, laguntza sozialetatik murriztu beharrean.
Krisiarekin, udalak estu eta larri dabiltza, eta Errenterian, esaterako, oposizioak behin eta berriro eskatu du Ekonomia eta Finantza Plana. Egiteko asmoa duzue? Zertan da?
Ekonomia eta Finantza Plana egiten ari gara, eta ez dakit gai izango garen maiatz aurretik edo ondoren onartzeko. Indar guztia aurrekontuetara bideratu dugu; orain arte horretan zentratuta egon gara. Eta Ekonomia eta Finantza Plana orain etorriko da. Gainera, 2010. urteari dagokionez, erakunde gehienak zorpetu egin dira, baina Errenteriako Udalak ez du euro bakar bat ere eskatu, eta, horrez gain, guztia itxi denean, soberakina izan dugu, 1.200.000 eurokoa. Beraz, ez da horren gaizki joan.
Denbora izango da hauteskundeen aurretik?
Ez dago nire menpe bakarrik. Hala ere, baietz esango nuke. Zirriborroa, behintzat, eginda daukat.
Denborak ere zeresana izango du lan jazarpen kasuen ikerketan ere. Egutegiari begiratuta, oposizioak esan du ez duela denborarik emango ondorioak ateratzeko. Zer gertatuko da?
Nik dakidanez, lau kasuetatik azkena ari dira jorratzen; horregatik, uste dut denbora emango duela. Hor, hala ere, ez da egia lau kasu horietatik laurei eman diotela baliaezintasuna lan istripuarengatik; nik dakidanez, biri ez diote oraindik eman. Hala ere, baliaezintasuna lan istripuarengatik emateak ez du errudun bat ziurtatzen. Horren adibide dira in itinere deitzen diren istripuak. Zer ezberdintasun dago lan istri- puarengatik edo ohiko gaixotasunarengatik izatea? Geratzen zaizun pentsioa asko aldatzen dela. Lehendabizi, asko asmatzea da hori lanagatik izatea, eta, bigarrenik, baita hori nagusiak eragin izatea ere. Alkatea gaiztoa dela esaten dute orain, eta langile guztiei jazartzen zaiela… baina nik uste dut errugabea naizela erabat.
Ondorioak ateratzeko denborarik emango ez balu, zer gertatuko litzateke?
Ez dakit zehazki. Hori bai, hauteskundeak datozenean ez zara joaten, eta atea behin betiko ixten.
Sabecoko langileek ere zeresana eman dute azken bi urte hauetan. Oraindik, ordea, ez da euren amesgaiztoa bukatu…
Langile horiek enpresa pribatu bateko langileak dira. Orduan, udalari esatea haren eskuetan dagoela irtenbidea, asko esatea da. Orain eskatzen diote Muriasi hor sartzen den edozein enpresak lehengo lan talde bera kontratatzea. Nik enpresaren %10aren parte den neurrian eska diezaioket hori Muriasi, eta Muriasek esan diezadake baietz edo ezetz. Oraingoz, baietz esan du, baina zein enpresa sartuko da horra? Harrizko motxila horrekin ez dakit nor sartuko den…
Eta ez dago beste modurik Murias presionatzeko?
Nik, Errenteriako alkate gisa, ez daukat beste modurik.
Euskarak zein leku eduki du agintaldi honetan? Eta PSE-EEk zer garrantzia ematen dio?
Herri honetan euskararen egunerokotasuna aztertzen baldin badugu, ikus daiteke ez dagoela gaizki. Aurrekontuei dagokionez, azken lau urteetan, ez da ekarpenik jaitsi, nire ustez. Guztiek estutu behar dugu gerrikoa, baita euskarak ere, baina nik esango nuke ez dela estutu, hala ere.
San Marko Mankomunitateko presidente izendatu zaituzte agintaldi honetan. Bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egingo duzue, eta laster herrietan jartzen hasiko zarete. Noizko Errenterian?
Oso prozesu konplexua da. Nik Amaran egindakoa daukat oinarrian, eta hori egin nahi dugu San Markon. Batetik, jarri behar da zerbait ezar daitekeena, eta, bigarrenik, jendea trebatu behar da. Errenterian egokiena litzateke auzo batean hastea hasieran, jendea kontzientziatzea… Zaila da, eta horretan ari gara lanean.
Errauste plantaren lehen harria ere jarri dute, baina zer egingo duzue birziklatzea sustatzeko?
Gai horretan soilik aurrera egin dezakegu kontzientziazioaren bidez. Beste herrialde batzuk bisitatzen ere izan naiz, Austria, Frantzia, Alemania… eta inork
ez dit ukatuko Alemanian, Austrian, Ingalaterran… ingurumena zaintzeko daukaten izaera. Herrialde horietan guztietan daude errauste plantak, eta guztietan konpostatzen da. Zero zaborra ezinezkoa da; birziklatu ezin daitekeen zaborra asko da, eta hori erraustu egin behar da, ez dago besterik.
Zer aurreikuspen egiten duzue hauteskundeei begira?
Hauteskundeak nota jartzeko garaia izaten dira. Eta nik nire akatsekin, uste dut ez dudala horren gaizki egin, eta espero dut herritarrek nigan konfiantza izatea.
Nola baloratzen dituzu ezker abertzaleak emandako pausoak? Eta zer iruditzen zaizu Sortu legez kanpo gelditzeko aukera?
Nik ez daukat zalantzarik, nahiago nuke legez kanpo egotea. Niri indarkeriak bizitza erdia lapurtu dit, eta gizarte sano eta demokra tiko batean ez dago tokirik indarkeriarentzat. Hori esanda, indarkeria gaitzesten duen alderdi oro aintzat hartu behar da, eta legeztatu. Hala ere, Sortu EAE-ANV siglen azpian dagoen bera dela uste dut. Baina ez nau kezkatzen, eta Errenteriako Udalean daude. Legearen barruan beti, baina beste taldeek duten bitarteko berak dituzte. Legeztatzearen alde apustu egiteak, nik apustu egiten dudala, ez dit inongo aldaketarik ekarriko. Indarkeria gaitzesten badute, egon daitezela erakundeetan. Normaltasun demokratikoaren aztarna litzateke.
Eta zer gertatuko da Bildurekin? Oztoporik izaten ez badu, eraginik izango du udalean?
Onartu behar dut topatu dituzten zailtasunekin ahalmena izan dutela egun batean Pablo deitzeko eta bestean Juan, eta legez kanpo egoteko arriskuan egon direnean beti atera dute B plan bat. Bildu Sorturen B plana dela uste dut, baina niri ez zait axola. Ez dut zalantzarik, A edo B planarekin, hauteskundeetan egongo direla, eta pozten naiz, eta badakit ordezkaritza garrantzitsua izango dutela etorkizuneko udalean, orain duten bezala. Herri honetako bigarren indarra direla kontuan izan behar da.