Gazte Asanbladaren ekimenez, zirku karpa erraldoia bihurtuko da Antxo
Antxoko Inauteriak
Kaldereoek iragarri bezala Inauteriak ate joka datoz, eta antxotarrak horien prestaketan murgilduta daude. Urteetako ohiturari jarraituz, Gazte Asanbladaren proposamenari men eginez prestatzen dituzte Inauteriak antxotarrek eta aurten erraza jarri diete mozorroaren aukera, zirkua baita hautatutako gaia. Honenbestez, pailazoz, trapezistaz, animalia-hezitzaileaz eta beste beteko dira kaleak.
Tabernek ere zirku itxura har dezaten itxuraldatuko dituzte, eta ikusi behar horretan zein tabernak asmatzen duen hoberen.
Erronka Poteoa
Larunbata izango da gazteentzako egun nagusia. Karroza desfilea egingo dute, 18:00etatik aurrera, Usozeko zelaitik abiatuta. Kalez kale ari direla, Erronka Poteoan ariko dira desfilera biltzen diren guztiek, barrutiko kaleak zirku antzean girotuz.
Afaria Kultur Etxean egingo dute, 21:30etik aurrera. Afarirako txartelak salgai jarri dituzte Mimos eta Laket tabernetan, eta bihar arte eros ahal izango dira. 12 euroren truke.
Emakumeen jolas komiko- sexuala ostiraleko kafe antzokian
De las amigas y sus melodías. Hala du izenburua Pasaiako Antzerki Tailerreko lagunek Inauterietarako landu duten antzezlanak. Kafe antzokirako propio prestatutako lana da, hau da, taberna eta mahaiak izango dira Kultur Etxera antzerkia ikustera biltzen diren ikusleen zerbitzura.
Miguel Galindoren zuzendaritzapean, lau aktore izango dira taula gainean, laurak emakumeak. Yolanda Torvisco, Marta Maiztegi, Beatriz Larrañaga eta Fatima Rodriguez. Antzezpenaren une batean emakume aktoreak testuaren kontra errebelatuko dira: «Gizon batek idatzia izan behar! Izan ere, uste dute emakumeen sentimenduen gainean ezer ez dakien batek bakarrik idatz ditzakeela horrelako ergelkeriak emakumeen sentitzeko erari buruz», dio sinopsiak.
Hitzordua, ostiralean da, Kultur Etxean, 22:30etik aurrera. Sarrerak 5 euro balio du.