Zubitxo errekara egindako isuriak identifikatzen eta konpontzen ari dira
Zubitxo errekara egindako bi isuri urbano konpondu ditu Udalak urte honetan. Izan ere, herriko erreketako isuriak identifikatzea eta konpontzea da Udalaren Ingurumen Sailaren helburuetako bat. Orain dela urtebete inguru sortu zuten sail eta erreken gaineko lana aurkeztu dute. Bi motako isuriak bereiztu ditu Leire Beteta Ingurumen teknikariak: urbanoak eta industrialdetakoak. Lehenengoei dagokienez, sei isuri identifikatu dituzte herrigunean eta horietako bi —«garrantzitsuenak», Betetaren arabera— konpondu dituzte. Iazko hasieran konpondu zuten Lopene auzoko etxebizitzetako isuria. «Saneamendua egin zutenean ur zikinen hodia ez zuten ondo lotu eta euri urak eramaten dituen hodira joaten ziren ur horiek», azaldu du Jon Legorburu Hirigintza, Obra eta Zerbitzu zinegotziak. Konpondu duten beste isuria puntua Bekoerrota kiroldegiaren inguruan dago. Ingurumen teknikariak azaldu duenez, bertan hodi biltzaile hautsi eta arroketatik isurtzen ziren ur zikinak. Isurketa puntu guztiak identifikatze aldera, Añarbeko Uren Mankomunitateko eta Uraren Euskal Agentziako teknikariekin elkarlanean aritu da Lezoko Udala. Elias Salaberrian, beste bat Konpontzeke dauden lau isurietatik garrantzitsuena Elias Salaberria hiribidean dago, Tomas Garbizu Musika Eskolatik gertu. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, usaina dela-eta hainbat herritar kexatu dira. Aitortu dutenez, hala ere, oraindik hodia norena den identifikatu behar dute. «Beti identifikatu behar dira, eta oraindik Añarberena edo Udalarena den ez dakigu», onartu du Betetak. Industrialdeetan ere hainbat [...]
Zubitxo errekara egindako bi isuri urbano konpondu ditu Udalak urte honetan. Izan ere, herriko erreketako isuriak identifikatzea eta konpontzea da Udalaren Ingurumen Sailaren helburuetako bat. Orain dela urtebete inguru sortu zuten sail eta erreken gaineko lana aurkeztu dute.
Bi motako isuriak bereiztu ditu Leire Beteta Ingurumen teknikariak: urbanoak eta industrialdetakoak. Lehenengoei dagokienez, sei isuri identifikatu dituzte herrigunean eta horietako bi —«garrantzitsuenak», Betetaren arabera— konpondu dituzte.
Iazko hasieran konpondu zuten Lopene auzoko etxebizitzetako isuria. «Saneamendua egin zutenean ur zikinen hodia ez zuten ondo lotu eta euri urak eramaten dituen hodira joaten ziren ur horiek», azaldu du Jon Legorburu Hirigintza, Obra eta Zerbitzu zinegotziak.
Konpondu duten beste isuria puntua Bekoerrota kiroldegiaren inguruan dago. Ingurumen teknikariak azaldu duenez, bertan hodi biltzaile hautsi eta arroketatik isurtzen ziren ur zikinak.
Isurketa puntu guztiak identifikatze aldera, Añarbeko Uren Mankomunitateko eta Uraren Euskal Agentziako teknikariekin elkarlanean aritu da Lezoko Udala.
Elias Salaberrian, beste bat
Konpontzeke dauden lau isurietatik garrantzitsuena Elias Salaberria hiribidean dago, Tomas Garbizu Musika Eskolatik gertu. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, usaina dela-eta hainbat herritar kexatu dira. Aitortu dutenez, hala ere, oraindik hodia norena den identifikatu behar dute. «Beti identifikatu behar dira, eta oraindik Añarberena edo Udalarena den ez dakigu», onartu du Betetak. Industrialdeetan ere hainbat isuri daudela onartu dute. Ipintza inguruan identifikatzen saiatzen ari diren beste irusui bat dagoela esan dute.
Herritarrei, gainera, isuririk identifikatzen badute Udaltzaingoari abisua emateko deia egin dute Legorburuk eta Betetak. «Batzuetan pintura poto soil bat errekara erortzearekin nahikoa da usain txarra duen isuri bat sortzeko. Emari txikiko errekak dira eta kaltea eragin dezake. Gainera, erreka inguruko fauna txikian ere kalteak eragin ditzake», esan du Ingurumen teknikariak. Horregatik, herritarrei eskatu diete arretaz jokatzeko bai egon daitezkeen isuriekin baita erreketara hondakinak botatzearekin ere.
Zubitxo Eguna
Zubitxo errekarekin lotuta, Jon Legorburuk iragarri du datorren apirilerako Zubitxo Eguna antolatuko dutela. Eskola Agenda 21ekoekin lantzen ari dira gaia. Pasaiako Anunciata ikastetxeak sari bat irabazi zuen Zubitxori buruzko ikerketa batekin eta, herriko ikastetxeekin gain, eurekin ere landuko dute.