“Arrazoi asko ditugu harro egoteko”
(Aitor Etxeberria Oiartzungo alkatearen iritzia) Atez ateko zabor bilketa sistema martxan jarri eta sei hilabete pasa diren honetan balorazioa egiteko garaia heldu da. Oiartzuarrok, badugu harro egoteko arrazoirik: birziklatze maila %30etik %80ra pasa da eta, organikoaren kalitatea% 99koa da (atez atekoaren aurka daudenak esaten eta onartzen duten moduan). Beraz, sistema hau guztiz barneratua dugula esan dezakegu, katastrofe apokaliptikoa aurreikusten zuten Mesias batzuen tristurarako. Handia da lortu duguna eta egia da oraindik ere asko dagoela egiteko, baina, bere neurrian iraultza txiki bat da, eta baita garaipen handi bat ere, herritarren parte-hartzean sinesten dugun guztiontzat. Guztion parte-hartzerik gabe, edo hobe esanda, herritarrek erakutsi duten prestutasunik eta jarrerarik gabe ez dago sitema hau ezartzerik eta are gutxiago, arrakasta izaterik. Badituzte Diputazioak eta PSE-EEk urduri jartzeko arrazoiak, hiru udalerrik (oraingoz) praktikan erakutsi baitute guztiz gauzagarria dela beste zabor kudeaketa eredu bat (Oiartzunek, Usurbilek eta Hernanik, kasu). Izan ere, entzun (eta jasan) izan ditugun gezur, intoxikazio eta zigor ekonomikoaren gainetik, Gipuzkoako jendarteak ederki erakutsi du, bide emanez gero, eta benetako sentsibilitatea landu eta emanez gero, emaitza ezin hobeak lor daitezkeela, aipatu hiru udalerrietan ikusi daiteken moduan. Aspaldi esan nuen moduan, orain ere halaxe esaten dut: denborak bakoitza bere lekuan jartzen omen du eta esandakoaren testigu [...]
(Aitor Etxeberria Oiartzungo alkatearen iritzia)
Atez ateko zabor bilketa sistema martxan jarri eta sei hilabete pasa diren honetan balorazioa egiteko garaia heldu da. Oiartzuarrok, badugu harro egoteko arrazoirik: birziklatze maila %30etik %80ra pasa da eta, organikoaren kalitatea% 99koa da (atez atekoaren aurka daudenak esaten eta onartzen duten moduan). Beraz, sistema hau guztiz barneratua dugula esan dezakegu, katastrofe apokaliptikoa aurreikusten zuten Mesias batzuen tristurarako.
Handia da lortu duguna eta egia da oraindik ere asko dagoela egiteko, baina, bere neurrian iraultza txiki bat da, eta baita garaipen handi bat ere, herritarren parte-hartzean sinesten dugun guztiontzat. Guztion parte-hartzerik gabe, edo hobe esanda, herritarrek erakutsi duten prestutasunik eta jarrerarik gabe ez dago sitema hau ezartzerik eta are gutxiago, arrakasta izaterik.
Badituzte Diputazioak eta PSE-EEk urduri jartzeko arrazoiak, hiru udalerrik (oraingoz) praktikan erakutsi baitute guztiz gauzagarria dela beste zabor kudeaketa eredu bat (Oiartzunek, Usurbilek eta Hernanik, kasu).
Izan ere, entzun (eta jasan) izan ditugun gezur, intoxikazio eta zigor ekonomikoaren gainetik, Gipuzkoako jendarteak ederki erakutsi du, bide emanez gero, eta benetako sentsibilitatea landu eta emanez gero, emaitza ezin hobeak lor daitezkeela, aipatu hiru udalerrietan ikusi daiteken moduan.
Aspaldi esan nuen moduan, orain ere halaxe esaten dut: denborak bakoitza bere lekuan jartzen omen du eta esandakoaren testigu dira hemerotekak. Zikinkeria, txakurrak etxeen atarietan, arratoiak kaleetan zehar, mendiak zaborrez beteta… jadanik ahaztuta dituzte honako argumentuok… Amnesiaz jota edo…
Edozein herritar gonbidatu nahiko nuke, edukiontzi bidez funtzionatzen duen edozein herritako edukiontzi inguruak eta Oiartzungo zintzilikailuen inguruak konpara ditzan.
Etxeetan ere ez dut sumatu zabor usaina darionik, eta Osakidetzak ere ez du esan kolesterolaren media handiagoa dugunik oiartzuarrok; diot, astean zehar arraina noiz jan atez atekoaren baitan zegoela esan zuenik ere egon baita.
Bestalde, errauste planta egin nahi dutenen argudioak poliki-poliki indargabetzen joan direla uste dut, besterik ezean, bi argudioren baitan oinarritzen baitira, eta gaur horietan zentratu nahiko nuke, argudiotzat dutena gezur borobila dela datuen bidez azaltzeko.
Batetik, zaborra desagertu dela diote, baina San Markosen kudeatzen den zaborrez gain 640 etxeetako autokonposta eta garbiguneetan bildutakoa konputatzen bada, hau guztia kontuan hartzen badugu, 2010eko azaroan 2009 urtearekin alderatuta %97,5era heltzen zen bildutakoa eta honi eransten badiogu krisiaren eraginez inguruko udalerri guztietan %5 jaitsi dela zaborraren kopurua, esan genezake, ez dagoela zabor faltarik, zenbatzerakoan fede txarra baizik.
Bestetik, argudio ekonomikoa erabili ohi dute, maltzurki jokatuz gainera, soilik bilketaren kostuak ematen dituztelako, eta egia da atez ateko bilketa garestiagoa dela. Baina zaborren tratamenduan Oiartzungo Udalak 2011n 300.000 euro aurreztuko ditu eta honi gehitzen badiogu 140.000 euro jasoko dituela ontzi arinen eta kartoiaren eta paperaren salmentarekin, bukaerako datuak hauek lirateke: atez ateko bilketaren kostua: 790.000 euro. Bosgarren edukiontziaren kostua: 805.000 euro. Beraz, atez atekoa merkeago dela argi ikus daiteke.
Esan bezala arrazoi asko ditugu harro egoteko. Sei hilabetetan 1.200.000 kilo gutxiago bota ditugu zabortegira, %80a birziklatzen dugu eta errauste plantarik gabe molda gaitezkela erakutsi dugu.
EAJk eta PSE-EEk arazo bat daukate; beno, EAJk, PSE-EEk eta aurretik bidaltzen duten txakur txikiak.