Markesane parkea, herritarren gozamenerako
Urtebetez lanean aritu dira Markesane parkean, eraberritze aldera. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta INEMek eskola tailerra egin dute. Emaitza begibistakoa da orain. Erabat itxuraldatu dute Lezoaundiko muinoa. Herritarrentzako parke izaten jarraituko du,...
Urtebetez lanean aritu dira Markesane parkean, eraberritze aldera. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta INEMek eskola tailerra egin dute. Emaitza begibistakoa da orain. Erabat itxuraldatu dute Lezoaundiko muinoa. Herritarrentzako parke izaten jarraituko du, baina modu duinago batean.
Besteak beste, zuhaitzak lekuz aldatu dituzte, baita kimatu ere. Argi gehiago sartzen da orain bertan, beste antolaketa bat ezarri dutelako. Jon Legorburu Hirigintza zienegotziak azaldu duenez, zuhaixka txikiak ere landatu dituzte parkean. Bideak ere hobetu dituzte, irisgarritasuna hobetzeko. Zinegotziak esan duenez, elbarrientzako atondu dituzte parkerako sarbideak..
“Eremua aprobetxatu”
Legorburuk adierazi duenez, Markesane «herriarentzako berreskuratu» nahi zuen Lezoko Udalak, «Markesane aprobetxatu». Gazteentzako zein zaharrentzako txokoa izatea nahi du Udalak. «Jendea bertan ibiltzea nahi dugu», gaineratu du zinegotziak.
Lezoaunditarren etxea
Parkea txukuntzeaz gain, indusketa arkeologikoak egin zituzten 2010 urte osoan zehar. Lezoaunditarren etxearen arrastoak aurkitu zituzten Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek.
Arrasto horien zati bat begibistan utzi dute, Goiko Plazako pilotalekutik hurbilen dauden eserlekuen inguruan. «Lehenengo etxe horren oinaren silueta mantendu nahi izan dugu, jendeak hor zegoela jakin dezan», esan du Legorburuk.

