Hirigintza planaren azken urratsa falta da, Aldundiak onartu ondoren
Azken urratsa falta da Lezoko hirigintza plana martxan jartzeko, pasa den hilabetean Gipuzkoako Foru Aldundiak Lezoko Udalaren plana onartu ondoren. Azkeneko fasea egin behar dute oraindik: testu bateratua. Martxorako prest izango dela iragarri du Lezoko Udalak. Udal Gobernu Taldeak balorazio positiboa egin du. Hasteko, herriak plana duelako euren poztasuna azaldu dute zinegotziek. Ez horregatik bakarrik: “Herriak plana edukitzeaz gain, plan hori horrelakoa izateak pozten gaitu”, esan du Haritz Salaberria alkateak. Hiru arrazoi eman ditu horretarako: “Planak Lezorentzako onurak ditu, herriaren beharrei erantzuten die eta, gainera, ingurumenarekin errespetuzkoa da”. 24 urte iraun dituen plana Egun indarrean dagoen hirigintza plana 1987an onartu zuten. Herritarrek plan berria diseinatzen “hasieratik” parte hartu dutela nabarmendu dute. “Hitzaldiak, eztabaida saioak, gazteekin bilerak, batzorde irekiak, helegitea jartzeko epe luzea… herritarren parte-hartzea bultzatzeko hainbat neurri hartu ditugu. Herritarrek maila onean erantzun dute eta ikus dezakete euren ekarpenek fruitua eman dutela, zerbaiterako balio izan dutela”, adierazi du alkateak. Plana herritarrekin landu dutelako, “Aldundiak onartzea besterik ezin zuen egin”. Horrela, lezoarrek plan horretan kanpo kairik eta plataforma logistikorik gabeko herria nahi dutela “argi utzi dute”. Orbana araudian Foru Aldundiak, baina, ez du plan osoa onartu. Horrela, Gaintxurizketan egin nahi duten 11 hektareako industrialdea egiteko baimenik ez du eman. Gogor salatu [...]
Azken urratsa falta da Lezoko hirigintza plana martxan jartzeko, pasa den hilabetean Gipuzkoako Foru Aldundiak Lezoko Udalaren plana onartu ondoren. Azkeneko fasea egin behar dute oraindik: testu bateratua. Martxorako prest izango dela iragarri du Lezoko Udalak.
Udal Gobernu Taldeak balorazio positiboa egin du. Hasteko, herriak plana duelako euren poztasuna azaldu dute zinegotziek. Ez horregatik bakarrik: “Herriak plana edukitzeaz gain, plan hori horrelakoa izateak pozten gaitu”, esan du Haritz Salaberria alkateak. Hiru arrazoi eman ditu horretarako: “Planak Lezorentzako onurak ditu, herriaren beharrei erantzuten die eta, gainera, ingurumenarekin errespetuzkoa da”.
24 urte iraun dituen plana
Egun indarrean dagoen hirigintza plana 1987an onartu zuten. Herritarrek plan berria diseinatzen “hasieratik” parte hartu dutela nabarmendu dute. “Hitzaldiak, eztabaida saioak, gazteekin bilerak, batzorde irekiak, helegitea jartzeko epe luzea… herritarren parte-hartzea bultzatzeko hainbat neurri hartu ditugu. Herritarrek maila onean erantzun dute eta ikus dezakete euren ekarpenek fruitua eman dutela, zerbaiterako balio izan dutela”, adierazi du alkateak.
Plana herritarrekin landu dutelako, “Aldundiak onartzea besterik ezin zuen egin”. Horrela, lezoarrek plan horretan kanpo kairik eta plataforma logistikorik gabeko herria nahi dutela “argi utzi dute”.
Orbana araudian
Foru Aldundiak, baina, ez du plan osoa onartu. Horrela, Gaintxurizketan egin nahi duten 11 hektareako industrialdea egiteko baimenik ez du eman. Gogor salatu du erabaki hori Lezoko Udalak: “Ez da legezkoa ezta onargarria etorkizunean beste erakunde batek egin nahi dituen egitasmoen baitan eremu horretan 1987ko planarekin funtzionatu behar izatea”. Horrela, Aldundiak “oraindik ezer ere” ez duela zehaztuta salatu du Salaberriak eta horren baitan foru erakundeak gainontzekoei euren etorkizuneko planak “inposatzen” dizkiela gaitzetsi du.
Horregatik, Lezoko Udalak auzitara eramango du Aldundiaren erabaki hori (planaren gainontzeko puntuei ez die eragiten). “Arrazoia emango digute”, diote.
“Kuriosoa da garapenaz eta enplegua sortzeaz hitz egiten dutenek hori bera oztopatzea. Enpresen beharrei erantzuteko egin nahi dugu industrialdea eta handitu ezean, beste herri batzuetara eraman beharko dute produkzioa”, gaineratu du alkateak.
Legegintzaldi hasierako helburuetako bat bete dutela adierazi dute. “‘Nolako Lezo nahi dugu?’ galdetzen genuen orduan eta orain badugu erantzuna”, dio Salaberriak. Datozen asteetan kanpo kaiari buruzko parte-hartze prozesua egingo dute.