Udaberritik aurrera, herriko autobusetan Lurraldebus txartela erabili ahal izango da
Atzerapenarekin, baina azkenean Errenteriako Udalak iragarri du herriko autobusetan Lurraldebuseko txartela erabili ahal izango dela. Hori bai, udaberritik aurrera jarriko dute martxan sistema berria. Luis Andres Trafiko zinegotziak eman du Lurraldebus...
Atzerapenarekin, baina azkenean Errenteriako Udalak iragarri du herriko autobusetan Lurraldebuseko txartela erabili ahal izango dela. Hori bai, udaberritik aurrera jarriko dute martxan sistema berria.
Luis Andres Trafiko zinegotziak eman du Lurraldebusera atxikitzearen berri: “Herriko autobusak Lurraldebusen sartzeko prozesua ia erabat itxita dago, eta datozen hilabeteetan jarriko da martxan”. Andresen arabera, negoziazioek izan duten garapenari esker, etekinekin atera dira. Izan ere, Udalak 40.000 euro aurreztuko ditu “txartelaren prezioa garestitu behar izan gabe”.
Trafiko zinegotziak onartu du negoziazioak aurreikusi baino gehiago luzatu direla, “ez delako erraza izan Errenteriako garraio publikoaren ezaugarrietara egokitzea hitzarmen eredua”. Hala eta guztiz ere, Udalaren intereserako “egokia” izan dela iritzi dio, “makineriaren instalazioak hasieran proposatutakoarekiko 40.000 euro aurreztea ahalbidetu baitu”.
Lurraldebusi atxikitzea bezeroentzako onuragarria izango dela iritzi dio Andresek, beste herrietara joateko erabiltzen duten txartela herriko autobusean erabiltzeko aukera izango baitute, “prezioan aldaketarik izan gabe”.
Hitzarmena sinatu bezain laster makinak jartzeko eskaintza epea irekiko dutela jakinarazi du. Gogorarazi du Agenda 21eko ikasleen proposamena izan zela herriko autobusak Lurraldebusi atxikitzearena.