Urainek espetxean 25 urte bete dituela eta, ekimenak antolatu dituzte
Jokin Urain Kixkur preso oreretarrak 25 urte bete zituen herenegun espetxean. 2009ko abuztuaren 9tik kalean behar zuen, baina 197/12006 doktrina aplikatu zioten, eta 2016ko urtarrilaren 10era arte luzatu zioten espetxealdia, 30 urtera arte. Egoera salatzeko asmoz, Oreretako AAMk hainbat ekimen antolatu ditu datozen egunetarako. Ekitaldirik garrantzitsuena larunbatekoa izango da. Arratsaldeko zazpietatik aurrera, manifestazioa egingo dute, eta ondoren, afaria izango da Landare elkartean. Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte Kixkurren egoera salatzeko egingo diren bi ekimen horietara. Datorren astean, berriz, hilaren 20an (osteguna) hitzaldia izango da Xenpelar etxean. Bertan, Urainen egoeraren gaineko xehetasunak emango dituzte arratsaldeko zazpietatik aurrera. Horrez gain, dagoeneko herriko hainbat tabernatan (Landare, Arkaitza eta Sindikato) Kixkurren atxiloketa gertatu zenean eta ondoren prentsan atera diren albisteekin osatutako erakusketa ikus daiteke. Antolatzaileek jakinarazi dute bi astez egongo dela martxan. 9.125 egun, kartzelan Senitartekoek eta OAMMko kideek herenegun eginiko agerraldian gogorarazi zuten Kixkurrek 25 urte; alegia, 9.125 egun bete dituela espetxean. Urte guzti horetan, hala nola, Sevillako, Teruelgo, Bonxeko, Dueñasko, Herrerako eta Carabancheleko espetxeetatik pasatu da oreretarra. Epe horretan, kartzelan aurrera eramandako borrokak “zenbaezinak” izan direla jakinarazi dute: “Txapeoak, gose grebak, komunikazio grebak eta beste hainbat eta hainbat borroka egin ditu bere eta beste euskal preso politikoen defentsan”. Ildo horretatik, OAAMko kideek [...]
Jokin Urain Kixkur preso oreretarrak 25 urte bete zituen herenegun espetxean. 2009ko abuztuaren 9tik kalean behar zuen, baina 197/12006 doktrina aplikatu zioten, eta 2016ko urtarrilaren 10era arte luzatu zioten espetxealdia, 30 urtera arte. Egoera salatzeko asmoz, Oreretako AAMk hainbat ekimen antolatu ditu datozen egunetarako.
Ekitaldirik garrantzitsuena larunbatekoa izango da. Arratsaldeko zazpietatik aurrera, manifestazioa egingo dute, eta ondoren, afaria izango da Landare elkartean. Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte Kixkurren egoera salatzeko egingo diren bi ekimen horietara.
Datorren astean, berriz, hilaren 20an (osteguna) hitzaldia izango da Xenpelar etxean. Bertan, Urainen egoeraren gaineko xehetasunak emango dituzte arratsaldeko zazpietatik aurrera. Horrez gain, dagoeneko herriko hainbat tabernatan (Landare, Arkaitza eta Sindikato) Kixkurren atxiloketa gertatu zenean eta ondoren prentsan atera diren albisteekin osatutako erakusketa ikus daiteke. Antolatzaileek jakinarazi dute bi astez egongo dela martxan.
9.125 egun, kartzelan
Senitartekoek eta OAMMko kideek herenegun eginiko agerraldian gogorarazi zuten Kixkurrek 25 urte; alegia, 9.125 egun bete dituela espetxean. Urte guzti horetan, hala nola, Sevillako, Teruelgo, Bonxeko, Dueñasko, Herrerako eta Carabancheleko espetxeetatik pasatu da oreretarra. Epe horretan, kartzelan aurrera eramandako borrokak “zenbaezinak” izan direla jakinarazi dute: “Txapeoak, gose grebak, komunikazio grebak eta beste hainbat eta hainbat borroka egin ditu bere eta beste euskal preso politikoen defentsan”.
Ildo horretatik, OAAMko kideek “gogor eta ozen” salatu zuten euskal preso politikoei «bizi osorako» aplikatzen zaien espetxe zigorra: “Oso gogorra izan behar du hainbat urte espetxean pasatu ondoren, zigorra betetzear duzunean, bizitza proiektuan pentsatzen hasi zarenean, mendekua oinarri duen espetxe politikaren ondorioz, zigorra beste hainbat urtez luzatzea”. Gogorarazi dute iraupen horretako espetxealdiek ondorio fisiko eta psikologiko latzak eragin ditzaketela presoarengan: “Giza eskubideen ikuspegitik erabat onartezinak dira”.