Presoekiko eta iheslariekiko elkartasun bertso saioa izango da igandean herrian
Urtero bezala, elkartasuna eta bertsolaritza uztartuko ditu saioak, zortzi bertsolariren eskutik
Elkartasuna eta bertsolaritza uztartuko ditu beste urte batez Oiartzungo urtarrileko bertso saioak. Etxerat-ek antolatuta, euskal preso politikoei eta iheslariei elkartasuna erakusteko bertso saioa izango da herrian igandean, urtarrilaren 9an. Etxeratek antolatu du saioa, eta honakoak izan dira laguntzaileak: Gara; Infozazpi; Berria, Hitza eta Oiartzungo Udala.
Dagoeneko erreferentzia lortu du urtarril hasieran urtero herrian egiten den saio horrek. Aurten, Egin poto elkartasunean leloa du eta zortzi bertsolari bilduko ditu, hauexek: Jon Maia, Xabier Silveira, Julio Soto, Alaia Martin herritarra, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Igor Elortza.
17:00etan hasiko da emanaldia, Elorsoro kiroldegian. Sarrerek 12 euro balio dute aurrez. Egunean bertan erosten dutenek, aldiz, 15 ordaindu beharko dituzte.
Sarrerak, agortzear
Aurrez, sarrerak ohiko tokietan eros daitezke Oarsoaldea eskualdean, baina agortzear daudela ohartarazi dute antolatzaileek. Hala, herriko Garmendi txokolategian, Elorsoro kiroldegian, Kirikoketa ile-apaindegian eta Amazkar, Ganbara, Miren eta Makutxo tabernetan denak saldu dituztela jakinarazi dute.
Ale batzuk gelditzen dira Errenteria-Oreretan eta Lezon. Errenteria-Oreretan Landare eta Arkaitza tabernetan eros daitezke sarrerak, eta Lezon, Tiñelun.
Bertsolariak
- Jon Maia.
- Xabier Silveira.
- Julio Soto.
- Alaia Martin.
- Maialen Lujanbio.
- Sustrai Colina.
- Amets Arzallus.
- Igor Elortza.
Gai jartzailea: Unai Elizasu.