Hiru gizon atxilotu dituzte Irunen genero indarkeria leporatuta
Azken astean hiru gizon atxilotu ditu Irungo Udaltzaingoak emakumeen kontra egindako erasoengatik. Joan den asteko ostegunean atxilotu zuten lehena, hilaren lehenean bigarrena eta joan den igandean, azkenik, hirugarrena.
Abenduaren 30ean gizonezko bat atxilotu zuten Irungo udaltzainek, genero inderkariagatik urruntze epai bat haustea leporatuta. Donostia kaleko baratzetan atzeman zuten gizona, legez kanpo jarritako kanpin denda batean identifikatu zutenean. Barruan aurkitu zituzten atxilotutakoa eta bere kontra aurretik salaketa jarrita zuen emakumea. Iazko ekainean arrazoi berberagatik detenitu zuten 47 urteko gizona.
Urte Berri Egunean Zabaltza plazan 22 urteko gazte bat atxilotu zuten, bere bikotea jipoitzeaz eta neska laguntzera hurbildu zen gizon bat ere kolpatzeaz akusatuta. Txingudi Zerbitzuetako bi langilek gelditu zuten mutila, udaltzainak agertu ziren arte.
Igandean, berriz, 44 urteko beste gizon bat preso hartu zuten, hau ere genero indarkeria kasuagatik.
Polizia iturrien arabera, bezperan bere emaztearekin eztabaida gogorra izan eta gero, etxetik alde egin zuen gizonak. Baina goizaldean etxera itzuli, emakumea ohetik atera eta jipoitzen hasi zen, emaztea etxe horretako gela batean bere bi alabekin gorde zen arte. Senarra kalera irten zenean andreak salaketa jarri zuen. Hala, gizona etxera berriz ere bueltatu zenean Udaltzaingoko agenteek erasotzailea atxilotu zuten, eta epailearen aurrera eraman zuten.