700.000 eurotik gora jaitsi du Udalak datorren urterako aurrekontu orokorra
16.100.000 euro inguruko aurrekontua prestatu du; PTPari alegazioak aurkeztea onartu du Udalbatzak
Urteko azken udalbatzarra egin zuten atzo Udaleko zinegotziek. Bertan, besteak beste, 2011 urterako aurrekontuak onartu zituzten. Hala, 16.100.000 euro pasatxoko aurrekontua izango du Udalak datorren urtean (700.000 eurotik gora gutxiago).
«Sarrerak jaisten ari dira azken urteetako krisiarengatik (batez ere hirigintzan) eta aurreikuspenak ahalik eta zuhurrenak egin ditugu», azaldu zuen Aitor Etxeberria alkateak.
Bestalde, inbertsioetan Udalak egingo dituen ahaleginak azaldu zituen alkateak. Atez ateko bilketari bultzada ematea da Udalaren asmoa, «zerbitzua optimizatzea», batetik. Xorrolari eta taxi-busari ere bultzada eman eta herri barruko garraioa sustatu nahi du Udalak, bestetik.
Euskara, Gazteria eta Kirola arloetan, 2011n ere hitzarmenak mantenduko dituztela jakinarazi zuen Etxeberriak. Kultura arloan, berriz, argazki artxiboa osatzen jarraitzea eta auzoetako jaietako aurrekontuak ez jaistea izango direla lehentasunak.
Gizarte Sailean, azken urteetan gaixo psikikoekin egindako lana bultzatzen jarraituko du Udalak. Hala, Arraztalo elkarteari 40.000 euroko laguntza emango dio.
Partzuergoa eta jantokia
Inbertsioetan, Hezkuntzari dagozkionak nabarmendu zituen Aitor Etxeberriak, horiek izango baitira urteko garrantzitsuenak: «Udal Ikastola Partzuergoaren egoitza berriaren bigarren faserako 920.000 euro gorde dira eta Elizalde Eskolan jantokia eraikitzeko, beste 242.000 euro (jantokia egiteko proiektuaren gainerakoa Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du)».
Aurrekontu proposamena Gobernu Taldeko kideen botoarekin atera zen aurrera (zazpi), OB OiartzunBaik kontra bozkatu baitzuen (lau boto kontra). Orain, jendaurrean dago proposamena.
PTPa erretiratzeko eskaera
Udalbatzarreko beste puntu batean Donostialdeko Zatikako Planari buruz aritu ziren zinegotziak eta alegazioak onartu zituzten. Hala, plan hori, PTPa erretiratzeko eskatu du Udalak.
Ezker abertzaleko zinegotziek eta OBkoek, gaiari buruz lortutako adostasuna nabarmendu zuten. Udalbatzarraren adostasuna erabatekoa izan da PTParen alegazioaren bi ataletan. Honela, Oiartzungo Udalbatzarrak ahobatez eskatu dio Eusko Jaurlaritzari «Donostialdeko PTPa erretiratzeko eta berri bat egiteko, Udalen eta herritarren parte-hartzea bermatuko duena».
Alegazioaren hirugarren zatian OiartzunBai abstenitu egin zen, PTPa erretiratuko ez balitz zenbait eskaera zehatz planteatu dituelako Udalak. «Planteatutako 23 puntuetako birekin ez gaudelako ados (Pasaiako kanpo kaia kentzearekin eta Ugaldetxon eta Arraguarako planteatutako garapen urbanistikoa murriztearekin), baina garrantzitsuena da gainerako guztian bat gatozela», adierazi zuen Xanet Arozena bozeramaileak.
Bai Gobernu Taldea eta baita OB ere pozik agertu ziren «legealdi honetan azkenean lortu dugulako zerbait elkarlanean egitea». Pavel Viñas Planeamendu zinegotziak gogorarazi zuenez, «herritarren artean PTParen kontra sortu den mugimendua oso garrantzitsua da, eta Udalak horren mailan egon behar du».
Gainontzeko puntuak
10. kreditu aldaketa; diruzaintzako operazioa; taxi tarifen igoera eta GUR-1-C eremuko hitzarmeneko akats zuzenketa ere onartu zituzten zinegotziek.