Urte berriarekin, bizitza berria
Zenbat istorio egongo dira gordeta Candido tabernako lau hormen artean. 68 urte inguru egin ditu San Sebastian-Rezola sendiak taberna eramaten, eta ezin ahaztu bertako giroa, bertako bazkariak, bertako lagunak… bertako familia, azken finean. Izan ere, etxean sartzea bezalakoxea da Candido taberna, familiako giroan murgiltzea bezala, eta hala izan da urte askotan. Orain, ordea, aro bat ixteko eta beste bat irekitzeko garaia heldu zaie Marian San Sebastian tabernako nagusiari eta bere senar Joseani. Tabernak kendutako orduak orain berreskuratu nahi dituzte, eta gutxienez, “urte sabatiko bat” hartu bidaiatzeko, gauza berriak ikasteko… Pixka bat kezkatuta daudela onartu arren, bizitza berriari ekin nahi diote urte berrian, eta 2011 hamaika gauza egiteko aprobetxatu. Oraindik, baina, tabernak emango die nahiko lana. Izan ere, kafe-makina zaharra, mahaiak eta aulkiak eta beste zenbat tramankulu atera eta beharra dutenei eraman nahi dizkiete, taberna hustu arte. Taberna hutsik geratu arren, bertako istorioek betirako jarraituko dute bertan, eta han egon direnen buruan. Esate baterako, San Sebastianek gogoan du bere amak zenbat bazkari eta afari prestatzen zituen, bezeroen gozamenerako. Seguruenik, etxeko janari horrek erakarrita hasiko ziren Donostiako Aste Nagusian Txofre zezen plazatik ekartzen zituzten zezen buztanak prestatzen. Jaki goxo horren bueltan, gainera, jende ezagun asko biltzen zen “Ermuko enpresaburuak, Tolosakoak…”. Beste egunetan [...]
Zenbat istorio egongo dira gordeta Candido tabernako lau hormen artean. 68 urte inguru egin ditu San Sebastian-Rezola sendiak taberna eramaten, eta ezin ahaztu bertako giroa, bertako bazkariak, bertako lagunak… bertako familia, azken finean. Izan ere, etxean sartzea bezalakoxea da Candido taberna, familiako giroan murgiltzea bezala, eta hala izan da urte askotan. Orain, ordea, aro bat ixteko eta beste bat irekitzeko garaia heldu zaie Marian San Sebastian tabernako nagusiari eta bere senar Joseani.
Tabernak kendutako orduak orain berreskuratu nahi dituzte, eta gutxienez, “urte sabatiko bat” hartu bidaiatzeko, gauza berriak ikasteko… Pixka bat kezkatuta daudela onartu arren, bizitza berriari ekin nahi diote urte berrian, eta 2011 hamaika gauza egiteko aprobetxatu.
Oraindik, baina, tabernak emango die nahiko lana. Izan ere, kafe-makina zaharra, mahaiak eta aulkiak eta beste zenbat tramankulu atera eta beharra dutenei eraman nahi dizkiete, taberna hustu arte.
Taberna hutsik geratu arren, bertako istorioek betirako jarraituko dute bertan, eta han egon direnen buruan. Esate baterako, San Sebastianek gogoan du bere amak zenbat bazkari eta afari prestatzen zituen, bezeroen gozamenerako.
Seguruenik, etxeko janari horrek erakarrita hasiko ziren Donostiako Aste Nagusian Txofre zezen plazatik ekartzen zituzten zezen buztanak prestatzen. Jaki goxo horren bueltan, gainera, jende ezagun asko biltzen zen “Ermuko enpresaburuak, Tolosakoak…”. Beste egunetan ere ez zen jenderik falta, egunero etortzen ziren txikiteroetatik hasi eta larunbatetan pasatzen ziren Papresako buruetaraino: “Txakolina, haragi egosia, odolkia… gosaltzen aritzen ziren”, gogoratzen du San Sebastianek.
Marian San Sebastianen ama, Veronica Rezola, izaten zen orduan Candido taberna eramaten zuena. Duela 68 urte inguru sortu zitzaion aukera taberna eramateko. Jaiotzez Azpeitiko Matxinbentakoa zen, baina Donostiara joan zen neskame eta senarra errenteriarra hartu zuen, Joaquin San Sebastian. Senarraren familiak egun Donosti sagardotegia dagoen tokian biltegia zeukan, edaria, olioa, ardo barrikak eta beste zenbait gauza gordetzeko.
Horretan zenbiltzala, Candido tabernako aurreko nagusiek taberna utzi nahi zutela eta, aukera eman zioten Veronica Rezolari taberna hartzeko. “Zergatik ez duzu proba egiten?”, esan zioten, eta berak baiezkoa eman zien. Gainera, orduan, ez zeukaten seme-alabarik (gero hiru izan zituzten, eta Marian da gazteena) eta errazagoa izan zen negozioan sartzea.
Ama tabernan egonda, sendi osoak bertan egin du bizitza, batik bat Marianek. Orain, ordea, arnasa lasai hartzeko denbora iritsi zaio berari ere.