Taldean bizitzeko topaguneak prestatu ditu Prebentzio Zerbitzuak
Taldean bizitzearen garrantziaz jabeturik, Hondarribiko Udaleko Prebentzio Komunitarioko zerbitzuak bi talde berri jarriko ditu martxan: nerabe taldea, 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoentzat; eta nerabeen guraso taldea, adin horretako seme-alabak dituztenentzat.
Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuko profesionalen gidaritzapean parte-hartzaileek euren esperientziak eta kezkak elkarbanatu dezakete eta besteengandik ikasi. Horrez gain, baliabide pertsonalak sustatzeko eta bizitzako hainbat alorretan laguntza aurkitzeko balio du taldeetan parte hartzeak.
Harrera programa
Prebentzio Komunitarioaren Udal Zerbitzuak eskaintzen dituen talde horiek harrera programa dira, eta beste pertsona batzuekin harremanetan jartzeko eta norberaren esperientziak eta zalantzak adierazteko esparru gisa definitzen dira. «Hori horrela, eskaintzen ditugun taldeek ez dute pertsonak berak berezkoak dituen taldeak (koadrila, familia…) ordezkatu nahi, osatu baizik», azaldu dute Prebentzio Komunitarioaren Udal Zerbitzuko teknikariek.
Izena emateko epea urtarrilaren 15ean bukatzen da. Izena emateko edo informazioa eskuratzeko 943 11 40 00 telefono zenbakira deitu behar da.