Ereintza eskubaloi taldeak hirugarren bukatu du lehen itzulia
Ereintza eskubaloi taldekoak pozik egoteko moduko lehen itzulia egin dute Espainiako Lehen Mailan. Hirugarren daude errenteriarrak sailkapen nagusian, Segoviako Nava taldetik (Amenabar taldeak puntu berak ditu, hogei) bi puntura baino ez. Gabonetan mer...
Ereintza eskubaloi taldekoak pozik egoteko moduko lehen itzulia egin dute Espainiako Lehen Mailan. Hirugarren daude errenteriarrak sailkapen nagusian, Segoviako Nava taldetik (Amenabar taldeak puntu berak ditu, hogei) bi puntura baino ez.
Gabonetan merezitako atsedena hartuko dute eskubaloi taldeko jokalariek, baina indartsu bueltatu beharko dute, oporren bueltako lehen partida, hain zuen, Segoviako Nava taldearen kontra jokatu beharko du. Urtarrilaren 15ean izango du lehia, etxean, Galtzarabordako kiroldegian, 19:30ean.
Sailkapenari begiratuta, hemeretzi puntu bildu dituzte errenteriarrek lehen itzulian: zortzi partida irabazi dituzte eta hiru galdu. Emaitzak oso ontzat jo ditu Francisco Javier Barros eskubaloi taldeko arduradunak, are gehiago denboraldian zehar izan diren lesioak kontuan hartuta.
Guzti horren eraginez, baikor azaldu da bigarren itzuliarekin ere “lesioek errespetatzen baldin bagaituzte eta jokalari batzuk osatzen baldin badira pentsatzen has gaitezke Ohorezko Mailara igotzeko fasearekin. Hori lorpen handia litzateke eskubaloi taldearentzat”.
Gazte Maila
Helduez gain, Gazte Mailako taldea ere ederki dabil. Lurraldeko Lehen Mailan dago, eta igotzeko borrokan ari da. Talde gaztea izan arren, etorkizun hurbilean lehenengo taldean aritzeko moduko jokalariak osatzen ari direla esan du Barrosek. Emakumeen taldeak ere maila ona erakusten ari direla nabarmendu du, Haur, Kadete eta Gazte mailetatik datozenen jende kopuruari begiratuta.