Jean Claude Cimeliere artista frantziarraren lanak ezagutu nahi izanez gero, urtarrilaren 4tik 29ra bitarte horretarako aukera egongo da. Hendaiako Herriko Etxearen ekimenez, Mendi Zolan kultur gunean (Sokoburu auzoan dago, Itsas etorbidean) jarriko dute erakusketa. Asteartetik larunbatera egongo da zabalik, goizez 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez 15:00etatik 19:00etara.
Cimeliere-en lanak sakonago eta hobeto ulertzeko, artistak berak erakusketa gidatuko du lan bakoitzaren gaineko azalpena emanez. Bisita antolatu horiek urtarrilaren 8an, 15ean, 22an eta 29an (guztiak larunbatak) izango dira, 15:00etan. Aldez aurretik ez da erreserbarik egin behar, egun horietan Mendi Zolan kultur gunera azaldu besterik ez da egin behar.
Objektuen bidezko adierazpena
Cimeliere-ek objektuen bitartez adierazten ditu bere gogoak eta nahiak. Hamazazpi urte baino gehiago daramatza horretan. Frantziako Berry eskualdean sortu zen orain 72 urte eta Parisen eta Pauen bizi ondoren, Miarritzen bizi da duela lau urtetik.
Hemezortzi erakusketa baino gehiago jarri ditu azken zazpi urtetan.
Urtea hasteko, antzerkia
Urtarrilaren 7an, Maitasun eleberriak irakurtzen zituen agurea antzezlanaz gozatzeko aukera izango da Mendi Zolan kultur gunean, 20:30ean.
Antzezlana Luis Sepulveda idazle txiletarraren eleberrian oinarritua dago eta Ekuadorreko Amazoniako Shuar indiarren bizitza kontatzen du.
Antzerkirako egokitzapena umoretsua egin dute, eta horrez gain ekologia nahiz besteen errespetuari buruzko mezuak zabaltzen ditu.