400dik gora pertsonek eman dute izena herriko San Silbestre lasterketarako
EAT Errenteriako Atletismo Taldeak herenegun emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuen dagoeneko 400dik gora lagunek eman dutela izena urteko azken egunean herrian egingo duten San Silbestre lasterketan parte hartzeko. Hori helduen probari dagokionez; i...
EAT Errenteriako Atletismo Taldeak herenegun emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuen dagoeneko 400dik gora lagunek eman dutela izena urteko azken egunean herrian egingo duten San Silbestre lasterketan parte hartzeko. Hori helduen probari dagokionez; izan ere, 500dik gora pertsonek eman dute izena baita txikien mailan aritzeko ere.
Lasterketa egunean ezingo da izen ematerik egin. Hilaren 30a bitarte egongo da aukera. Horretarako, www.atleticorenteria.com, www.herrikrossa.com webguneak daude. Donostiako Laister dendan, herriko Susperregi dendan edota Pelukasen kioskoan ere izena eman daiteke.
Lasterketarako izen emateak 10 euro balio du. Txikientzat, berriz, dohainik izango da.
Txipa, kiroldegian
Lasterketa irabazteko faboritoen zerrendan azken hiru edizioetako txapeldunak daude: Youness Aamara, Mikel Albeniz, Raul Viejo korrikalariak eta Errenteria Atletimo Taldeko Angel Macias eta Lourdes Oiartzabal.
Parte-hartzaileen datuak emateaz gain, antolakuntzako kideek lasterketaren funtzionamendua nola izango den azaldu zuten herenegun.
Lasterketaren kontrola txip-aren bitartez egingo da. Hilaren 31an goizeko 10:00etatik 12:00ak arte Galtzarabordako kiroldegian eskuratu beharko da. Bigarren aukera bat ere egongo da txipa lortzeko. 15:30etik 16:45era arte udaletxean eskuratzeko aukera egongo da ere. Helduen lasterketa 17:00etan hasiko da.
Errenteria Atletismo Taldeko kideek txipa lehenengo aukeran lortzeko eskatu diete parte-hartzaileei sor daitezkeen arazoak ekiditeko.