Herriko eragileekin eta elkarteekin lanean ari da OAAM, presoen aldeko elkartasuna indartzeko
Oiartzungo Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (OAAM) urtea dinamika berezi batean eman du: elkarteekin eta eragileekin batera lanean ibili da, hilabeteko azken ostiraleko kartelada eta, era berean, presoen aldeko elkartasuna indartzeko. OAAMko kideak ohartuta zeuden, Euskal Herri osoan bezala, hilabeteko azken ekimen hori garrantzitsuena izanda ere, indartu beharra zegoela. Hala, herriko elkarteekin eta eragileekin biltzea otu zitzaien, hilabetero horietako bat izan zedin kartelada deituko zuena. Esan eta egin, otsailean hasi ziren lanean. Elkarteetara jo bezain laster, harrera positiboa izan zutela jakinarazi dute OAAMko kideek. «Gaia guztiek ulertzen dute eta pertsona guztiak ukitzen ditu, beraz, interesa nabaria zen», nabarmendu dute. Presoen arazoak Elkartzean, presoen arazoen berri ematen zieten elkarteetako kideei: «Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) 700dik gora presok osatzen dute egun; 50etik gora daude lege bereziekin oraindik kartzelan, herriko Estanix eta Ordozelai kasu. Garrantzitsua da gaixo dauden presoen gaia ere, bere garaian Inaxio Mendiburu herritarra oso gaixo egon zen barruan; EPPK sortu zenetik 21 preso hil dira espetxean; espetxeetan eskubide urraketak etengabeak dira, eta, nabarmentzekoa da senide preso bat izateak dakarren gastua, 1.500 euro inguru hilabeteko». Harremanak bermatu Urtea bukatzear, balorazioa egiteko garaia da parte-hartzaileentzako eta OAAMrentzat. Dinamika positiboa izan da aurtengoa guztientzat, baina sortutako harremanak bermatu behar dituztela konziente dira. Hala, momentua [...]
Oiartzungo Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (OAAM) urtea dinamika berezi batean eman du: elkarteekin eta eragileekin batera lanean ibili da, hilabeteko azken ostiraleko kartelada eta, era berean, presoen aldeko elkartasuna indartzeko.
OAAMko kideak ohartuta zeuden, Euskal Herri osoan bezala, hilabeteko azken ekimen hori garrantzitsuena izanda ere, indartu beharra zegoela. Hala, herriko elkarteekin eta eragileekin biltzea otu zitzaien, hilabetero horietako bat izan zedin kartelada deituko zuena. Esan eta egin, otsailean hasi ziren lanean.
Elkarteetara jo bezain laster, harrera positiboa izan zutela jakinarazi dute OAAMko kideek. «Gaia guztiek ulertzen dute eta pertsona guztiak ukitzen ditu, beraz, interesa nabaria zen», nabarmendu dute.
Presoen arazoak
Elkartzean, presoen arazoen berri ematen zieten elkarteetako kideei: «Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) 700dik gora presok osatzen dute egun; 50etik gora daude lege bereziekin oraindik kartzelan, herriko Estanix eta Ordozelai kasu. Garrantzitsua da gaixo dauden presoen gaia ere, bere garaian Inaxio Mendiburu herritarra oso gaixo egon zen barruan; EPPK sortu zenetik 21 preso hil dira espetxean; espetxeetan eskubide urraketak etengabeak dira, eta, nabarmentzekoa da senide preso bat izateak dakarren gastua, 1.500 euro inguru hilabeteko».
Harremanak bermatu
Urtea bukatzear, balorazioa egiteko garaia da parte-hartzaileentzako eta OAAMrentzat. Dinamika positiboa izan da aurtengoa guztientzat, baina sortutako harremanak bermatu behar dituztela konziente dira. Hala, momentua edozein dela ere, presoek elkartasuna izatea da helburua.
Karteladetan jende berria ikustea oso positiboa izan dela diote, eta horrek presoei ere animoak ematen dizkiela: «Iristen zaizkie berri horiek eta ilusioa eta animoak pizten zaizkie».
Datorren urtean ere ekimenarekin jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute OAAMtik. Aurten egindako harremanak mantendu eta estutu, eta elkarte eta eragile berriekin jarri nahi dute harremanetan.
Aurretik, baina, urte bukaerako kartelada iristear da, azken ostirala eta urteko azken eguna aurten. Denen arteko lanketa izango dela ohartarazi dute OAAMtik. Hala, orain arteko elkarte guztiek parte hartzea espero dute, baita herritar gehiagok ere.
Azken kartelada, 19:00etan
Gogorarazi dute, bestalde, 19:00etan izango dela kartelada Doneztebe plazan eta ez 20:00etan ohi bezala (egun berezia izaki, familiarekin afaltzekoa).
Bestalde, datorren urtarrilaren 8an Bilbon egingo duten manifestaziora joateko deia ere egin dute: «Orain da momentua, denbora gure aurka eta bereziki presoen baldintzen aurka baitoa. Euskal Herri osoa mobilizatuta ikusi behar dute egun horretan. Utz ditzagun lotsak eta beldurrak eta orain arte erakutsitako konpromisoaren isla izan dadila Bilboko deialdia».
Elkarteen zerrenda
- Otsaila. Girizia Mendi Taldea.
- Martxoa. Oiartzungo Emakumeen Taldeak.
- Apirila. Karrikako Artaso elkartea.
- Ekaina. Altzibarko Jai Batzordea.
- Uztaila. Iturriozko Jai Batzordea.
- Abuztua. Gurutzeko Bizardia elkartea.
- Iraila. Ugaldetxoko Jai Batzordea.
- Urria. Ergoiengo Auzokalte elkartea.
- Azaroa. Kataxulo Gazte Asanblada.
- Abendua. Orain arte parte hartu duten elkarte guztiek batera egin dute deia. Gainontzeko herritarrei ere animatzeko eskatu diete.