Astralamustrika bildumako liburu berria: ‘Igarkizunen mundua’
Xabier Susperregik idatzi du Udalak argitaratu duen azken liburua; herriko gaztetxoentzako da
Astralamustrika bildumako liburu berria argitaratu du Udalak: Xabier Susperregiren Igarkizunen mundua.
Seigarren zenbaki horretan, igarkizunak dira gai nagusia. Euskal tradizioak jasotako antzinako igarkizunak ezagutu ahal izango ditu irakurleak eta ondoren, «munduari bira berezia eman, urruneko hainbat lekutan jasotako igarkizunen bidez». Herrialde Katalanetako, Galesko edo Irlandako igarkizunek arreta berezia jaso dute, esaterako.
Xabier Susperregik prestatu eta idatzi du igarkizunei buruzko liburu berria. Ilustrazioak Andoni Odriozolak egin ditu, itzulpenak Jabi Elizasu zinegotziak eta diseinuaren ardura Eneko Salaberriak hartu du.
«Liburuaren diseinua, gaztetxoengan jolasa eta ikasketa irakurketaren bidez sustatzeko dago pentsatuta, hezitzaileentzako baliagarri izateko», nabarmendu dute Udaletik.
Ilustrazioetan, berriz, Oiartzungo pertsonaia mitologikoak dira protagonista, bereziki intxixuak, «marrazkietan islatzen diren istorio laburren bitartez irakurketa errazago bilakatzen baitute».
Bilduma hori osatzen eta argitaratzen, 2005. urtean hasi zen Udala, Oiartzungo gaztetxoek hainbat alorretako gaien ezagutzan sakontzeko helburuarekin: «Haurren betiko jolasak, kondairak, atsotitzak, alegiak…». Beti ere, Udaletik gogorarazi dutenez, «ahozkotasuna jakintza iturri bilakatuta eta euskararen erabilera eta antzinako ohituren ezagutzea zabaltzea helburu nagusi izanik».