Oarsoaldeko hainbat kirolarik eta eragilek Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna eskatu dute. «Araba, Bizkaia, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa ordezkatuko dituen selekzioa da gure selekzioa. Ez gara Espainiako selekzio autonomiko bat», esan dute. Hartara, eurentzako nazio izaera duen selekzioa Euskal Herrikoa dela esan dute, «horregatik ofizialtasuna behar dugu, munduaren aurrean gure herria ere ordezkatuta egon dadin».
Oarsoaldeko kirolariek eta eragileetako ordezkariek atzo egin zuten agerraldia Errenteria-Oreretako Galtzarabordako kiroldegian. Partaide asko izan ziren bertan. Euskal Futbol Selekzioak hilaren 29an Venezuelaren kontra Bilbon jokatuko duen partidaren harira egin zuten agerraldia, eta testuinguru horretan, eskualdeko herritarrei bertara joateko deia egin zieten: «Gabonetako partida hori gure eskubideen aldarrikapen eguna bihurtuko dugu, ofizialtasunaren aldeko aldarrikapen eguna».
Euskal Herriko selekzioen aldeko agerraldia