Euskara indartzeko lan ildoak bildu nahi ditu Udalak
Pasaiako Udalak euskararen plan estrategikoa deritzon ekimena jarriko du abian. Horren baitan, hurrengo hamar urteetarako euskara indartzeko lan ildoak eta estrategiak bildu nahi ditu. “Udalak ez du bere plana diseinatu nahi. Gizarteko eragile ...
Pasaiako Udalak euskararen plan estrategikoa deritzon ekimena jarriko du abian. Horren baitan, hurrengo hamar urteetarako euskara indartzeko lan ildoak eta estrategiak bildu nahi ditu. “Udalak ez du bere plana diseinatu nahi. Gizarteko eragile guztiek zuzenean euskararen presentzia eta erabilera hobetzeko ikusten dituzten aukerak eta bideak jaso nahi ditu eta prozesua elkarlanean landu, protagonista zuzenekin”, adierazi dute Udaleko Euskara Batzordetik.
Prozesua dinamizatu eta zuzentzeko Elhuyar Aholkularitza Enpresa kontratatu du Udalak. Lehen urratsa hori da eta hortik aurrera eragile guztien parte-hartzea lortu nahi du Udalak.
Barruti bakoitzean talde bat
Barruti bakoitzeko lan talde bat osatu nahi du Udalak eta gazteekin eta haurrak dituzten gurasoekin beste bi lan talde antolatu nahi ditu. Lan talde bakoitzak bi orduko bi bileratan aztertuko du gaia. Hori izango da eskatuko den parte-hartzea plana diseinatzeko.
Prozesua nola bideratuko den eta bakoitzak zein bileratan parte har dezakeen proposatzeko Elhuyar Aholkularitzako teknikariek azalduko dute telefonoz. Herriko atarietan ere informazio kartelak jarriko dituzte. Hori guztia Gabonen bueltan izango da. Urtarrilaren 10etik aurrera hasiko dira Elhuyar Aholkularitzakoak deiak egiten eta bilerak deitzen.