Gabonetako ekintza ugari izango da txikienentzat
Gabonetan haurrek ez dute ikastetxera joan beharrik izango, eta nahikoa denbora izango dute euren modura ongi pasatzeko. Hala, lagungarri suertatuko zaizkie Udalak prestatu dituen Gabonetako ekintzak. Urtero moduan hainbat ekitaldi izango dira, baina a...
Gabonetan haurrek ez dute ikastetxera joan beharrik izango, eta nahikoa denbora izango dute euren modura ongi pasatzeko. Hala, lagungarri suertatuko zaizkie Udalak prestatu dituen Gabonetako ekintzak. Urtero moduan hainbat ekitaldi izango dira, baina aurten bat nabarmendu beharra dago: zinema. Hilaren 24an eta 31ean zinemara dohainik joateko aukera izango dute 6 eta 12 urte bitarteko haurrek. Goizeko hamaika eta erdietan izango da proiekzioa, eta lehenengo egunean Los viajes de Gulliver filma eskainiko dute. Niessen merkataritza zentroko bi areto erabiliko dituzte horretarako. Guztira, 475 haurrentzako tokia izango da.
Zinemara joateko, baina, aurretik gonbidapenak lortu beharko direla gogorarazi dute antolatzaileek. Horiek Errenteria Hiria Kulturguneko lehiatilan lortu ahal izango dira.
Bestalde, ludoteka ez da faltako txikienentzako, Merkatuzarren. Hilaren 22tik urtarrilaren 4a arte egongo da zabalik. 11:30etik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era. Urtarrilaren 5ean ere irekiko dute, baina goizez bakarrik.
12 urtetik gorako haurrentzako, berriz, ekintzak izango dira Gabierrotako eta Beraungo gaztelekuetan: ping pong-a, izotz pista, lagun ezkutua eta beste hainbat ekintza egiteko aukera izango dute. Asteazkenetik larunbatera izango dira ekintzak arratsaldez: 17:30etik 20:30era.
Beste urteroko ekintza batzuk ere gogorarazi dituzte antolatzaileek. Esate baterako, erregeen kabalgata. Ohi bezala, urtarrilaren 5ean izango da arratsaldez, baina aurten berritasun bat izango da: karroza berria da.