Erretzeari utzi eta kirola egiten hasi nahi duten Bidasoaldeko pertsonei zuzenduriko programa komunitarioa abian jarriko dute eskualdean. “Erretzeari utzi nahi diozu? Ohituraz aldatu” lelopean, tabakoa kirolarengatik aldatzen lagunduko dute eta programa garatzeko ondorengo kolaboratzaileek bat egin dute: udal eta osasun zerbitzuek, industria farmazeutikoak, gaixoen elkarteek, komunikazio hedabideek eta bestelako erakunde kolaboratzaileek. Euskal Herriko datuak aztertuta, lau biztanletako bat erretzailea da eta %68ari erretzen uztea gustatulo litzaioke. Honetaz gain, erretzeak minbizien %16 eta %40 arteko faktore nagusia da. Federico Irujok, Osakidetzaren izenean azaldu nahi izan zuen, «erretzen uzteko kirolak laguntzen duela gogoratu behar dugu, eta zentzu honetan, lan egin».
Programa atzo goizean aurkeztu zuten Irungo Amaia Kultur Zentroan eta erretzeari uztearen onurak eta baita ariketa fisikoa egitearen onurak azaldu nahi izan zituzten. Batetik, erretzeari uztearen hiru onura nagusi nabarmendu zituzten; osasuna, ekonomia eta itxura hobetzen laguntzen dutenak hain zuzen ere. Eta bestetik, ariketa fisikoaren onurak hobekuntza fisiko, psikologiko eta sozialetan zentratu zituzten.
Ariketa fisikoak laguntzen die erretzeari utzi nahi dioten pertsonei, eta batetik, erretzeari uzteko ahalegina egitean ager daitezkeen estresaren, antsietatearen, aldarte gorabeheren eta antzeko sintomen intentsitatea murrizten du. Bigarrenik, zigarroen nikotinak eta honen faltak loaldian gorabeherak sor ditzake. Ariketa fisikoak erretzeari uzten ari diren pertsonen loaren kalitatea hobetzen du. Hirugarrenik, erretzeari uzteko prozesuan maiz gertatzen den pisu igoera hobetu daiteke, edo kontrolpean eduki behintzat, ariketaren bitartez. Eta laugarrenik, gerta daiteke gizakietan ariketa fisikoak dopaminaren kontzentrazioa handitzea. Eta horren ondorioz aldarteak hobera egiten du eta tabakoak sortzen duen saritze efektua imitatzen du.
Hiru hilabetetan erretzeari uzteko laguntza ematen duten hainbat elkarte publiko eta pribatuk osaturiko ekimena da atzo goizean aurkeztutakoa. Hau honela ondorengoa eskainiko dute: jarraipen medikoa, medikazio zehatza behar bada, lehen eta azken kaxa dohan, bi enbase bakarrik ordaintzen dira, hau da, tratamenduaren %50a, laguntza psikologikoa Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoarekin, eta kirol orientaziorako monitorea, eta matrikula prezioan deskontua.