Mihiluze saioa, gurasoekin eta seme-alabekin Abaraxka Udal Ludotekan
Telebistako saioaren antzeko jokoetan ariko dira etzi 17:30ean; ondoren San Tomas feria egingo dute
Ekimen berezia antolatu dute etzirako (ostiralerako) Abaraxka Udal Ludoteka kudeatzen duten Ttiruki Aisialdi Elkarteko kideek eta bertako begiraleek. Telebistako Mihiluze saioaren atzeko ekitaldi berezia egingo dute, ludotekako haurrekin eta gurasoekin.
Egunerokotasunean, haurrak dira Abaraxkako protagonistak, baina gurasoei ere ludotekan dibertitzeko aukera emateko asmoz, proposamen berezia egin dute Abaraxkako arduradunek: «Guraso eta seme-alabek bikoteka parte hartuko duten Mihiluze saio berezia».
17:30ean hasiko dira Abaraxka ludotekako bazkide diren haurrak eta euren gurasoak «Mihiluze dibertigarri horretan» jokatzen.
Telebistako saioan bezala, hainbat joko egin eta gainditu beharko dituzte. Telebistakoak bezalakoak, antzekoak edota Abaraxkan asmatutakoak: eroglifikoak; esamesak; potokumeak; horma; tribuaren berbak; erantzuna emanda; zer da zer; imintzioka ere arituko dira ziur…
San Tomas Feria
Mihiluze jolas saio bereziaren ondoren, San Tomas arratsaldea ospatuko dute Abaraxkako bazkideek euren gurasoekin eta begiraleekin batera.
Datorren astearteko festa dena aurreratuko dute, txistor eta guzti. Finean, arratsera arte luzatuko dute jaieguna, afari merienda goxoarekin.