Elur-orein bat lapurtu dute Larreaundiko biribilgunetik
Mila euroko kalteak sortu dituzte asteburuan eguberrietako argiterian. Hala jakinarazi du udalak Maycolux enpresa arduradunak txostena aurkeztu eta gero. Kalterik handienak Larreaundiko, Behobiako eta Porcelanasko biribilguneetan gertatu dira. Hori errepikatu ez dadin, udal gobernuak jakinarazi du datozen asteetan hiri agenteen eginkizuna hiri altzariak, loreak eta eguberrietako argiteria zaintzea izango dela. Udaltzainek ere gauetako ibilbideak moldatuko dituzte.
Kalterik handienak Larreaundiko biribilguneak eragin dituzte. Han argi kableetan egindako kalteak direla eta ezin izan zituzten larunbatean eta igandean argiak piztu. Kalteez gain, 1,60 metro altuerako elur-orein bat lapurtu dute gainera Larreaunditik. Behobiako rotondan ere egin dute lapurreta; nonbait, koloretako argi bola handi bat falta zuen norbaitek etxean. Aurten aurenekoz hornitu duten Porcelanasko biribilgunean ere kalteak nabariak ziren atzo goizean. Elurretako panpin bat kolpatuta ageri zen, erabat erorita ez bazegoen ere.
Egunez ere piztuta
Asteburuan eragindako kalteen zerrenda luzeari atzoko argi faktura behar baino garestiagoa izango dela gehitu behar zaio, zenbait eremuetako argiak piztuta eman zutelako egun osoa.