Ordenantza fiskalen gainean EAJren jarrera kritikatu dute
Ordenantza fiskalean gainean EAJk izan duen jarrera “nahasgarria” salatu dute ezker abertzaleko Karlos Murua, Agus Cano eta Iñaki Queralt zinegotziek. Horien esanetan, urriaren 14an ogasun batzordea bildu zen, eta bilera horretan, Maite Pe...
Ordenantza fiskalean gainean EAJk izan duen jarrera “nahasgarria” salatu dute ezker abertzaleko Karlos Murua, Agus Cano eta Iñaki Queralt zinegotziek.
Horien esanetan, urriaren 14an ogasun batzordea bildu zen, eta bilera horretan, Maite Peña EAJko zinegotziak hala espresuki eskatuta, erabaki zen ahobatez 2011ko ordenantza fiskalen espedientea saneamendu planarekin batera tramitatzea. Haatik, hilabete ere pasatu ez zenean, eta plan horren berririk jaso gabe EAJk 2011ko ordenantza fiskalak babestu dituela salatu dute zinegotzi independentistek.
EAJk, gainera, ondoren egindako prentsaurreko batean berriro ohiko gastua murriztea eta saneamendu plana onartzea beharrezkoak zirela nabarmendu zuela azaldu dute ezker abertzaleko zinegotziek.
“Despistatzeko politika”
EAJren jarrera horrek “lehen babesten zutena orain kontraesaten duela” erakusten du, zinegotzi independentisten arabera. Horrez gain, jeltzaleek “despistatzeko politika” egiten dutela iritzi diote. Izan ere, 2010eko apirilean hitzartutako akordioaren arabera, martxan behar luke saneamendu planak, “baina zazpi hilabete beranduago ezin izan du planaren zirriborro bat ere aurkeztu, ezta epeak bete ere”, adierazi dute. Horrek, gobernu taldearen “gaitasun eza” agerian jartzen duela gaineratu dute.
Zinegotzi independentisten ustez, gainera, ordenantza fiskalak igotzea baliabide gutxien dituztenentzako “eraso argia” da. Gainera, gogorarazi dute udal gobernuak oraindik ez dituela 2011ko aurrekontuak aurkeztu.