Alabortza berreskuratzeko beste urrats bat
Pasaiako Udalak lizitaziora atera du Donibaneko Alabortza berreskuratzeko proiektuaren idazketa. Alabortza “ingurumen balio bereziko eremutzat” hartzen denez, horren kontserbazioak lehentasuna duela nabarmendu du Udalak. Horrela, eremu hori...
Pasaiako Udalak lizitaziora atera du Donibaneko Alabortza berreskuratzeko proiektuaren idazketa. Alabortza “ingurumen balio bereziko eremutzat” hartzen denez, horren kontserbazioak lehentasuna duela nabarmendu du Udalak.
Horrela, eremu hori bainurako eta bertan egoteko berreskuratu nahi dute. Proiektua idatzi nahi dutenek, helburuak kontuan hartuta, bainu eremuaren kutsadura saihesteko, kontrolerako konponbideak edo flotatzaileen hesia eta horien mantentze lanak proposatu beharko dituzte.
Proiektua bi zatitan
Proiektua gauzatu nahi den lekua «oso sentikorra» denez, bi fase izango ditu. Lehenengoa aurreproiektuarena izango da. Horren baitan, ingurumen izapideak eta herritarren parte-hartzea izango dira. Lehenengo agiri bat egingo da, eta horretan jarduketa proposamenak eta eragin guneak jasoko dira, profesionalak ez direnek erraz ulertzeko moduan. Proposamen horretan aukera desberdinak sar daitezke.
Bigarrena, proiektua bera gauzatzea izango da. Aurreko prozesua bukatu eta hortik ateratako ondorioak aztertu ondoren, obren lehenengo zatiaren egikaritze proiektua idatziko dute.
Bi faseak egiteko epea zortzi hilabetekoa da (lehenengo faserako hiru hilabete; izapidetzeko eta erabakia hartzeko bi hilabete, eta egikaritze proiektua idazteko hiru hilabete). Kontratuak 40.000 euroko aurrekontua du eta proiektua aurkezteko azken eguna hilaren 23a da.
Proiektua idazteko oinarriak ezagutu nahi izanez gero, jo webgune honetara: www.pasaia.net