Iñigo Imaz izango da Batzar Nagusietarako Aralarren eskualdeko zerrendaburua
Gipuzkoako Batzarretarako Aralarren Oarso Bidasoko zerrendaburua Iñigo Imaz errenteriarra izango dela jakinarazi zuen Aralarrek joan den ostiralean Reina aretoan egindako agerraldian. “Ezkerreko politikak garatzea da gure helburua eta Oarso Bida...
Gipuzkoako Batzarretarako Aralarren Oarso Bidasoko zerrendaburua Iñigo Imaz errenteriarra izango dela jakinarazi zuen Aralarrek joan den ostiralean Reina aretoan egindako agerraldian.
“Ezkerreko politikak garatzea da gure helburua eta Oarso Bidasoan egin nahi dituzten proiektu handiak zalantzan jartzea. Horretarako, herri mailatik hasi eta Jaurlaritzaraino instituzioetan egotea beharrezkoa da”, azaldu zuen Imazek.
“Patxi Lopezek esan du Eusko Jaurlaritzaz gain, beste muga batzuetara zabalduko dutela PSE-EEren eta PPren arteko akordioa. Aralar da fronte horri aurre egiteko tresna”, gaineratu zuen Iñigo Imazek joan den ostiraleko agerraldian.
Herritarren kezkak helburu
Aralarrek, bestalde, Entzun nahi zaitugu ekimena jarri du abian bere mezua zabaltzeko eta herritarren kezkak jasotzeko. «Gipuzkoa ezkertiarra da eta abertzalea, horregatik gure helburua herrialderako ezkerreko politikak sustatzea da», adierazi zuen Iñigo Imazek. Horren harira, hilaren 20ean herriko enparantzan egongo dira herritarren ekarpenak biltzen.
Azkenik, hauteskundeei begira, Gipuzkoako herri gehienetan aurkeztuko direla jakinarazi zuen Imazek. Herri ezberdinetako zerrendak osatzen hasi dira. «Sare sendo bat osatzea da helburua», nabarmendu zuen.