Xabier Leteren (Oiartzun 1944, Donostia 2010) aldeko hileta elizkizuna bihar -asteartea- izango da, Urnietako elizan -herri horretan bizi zen-.
Euskal idazle, poeta eta kantari handia larunbat gauean hil zen, Donostia Ospitalean, eta atzo eguerditik haren gorpua Hernaniko beilatokian dago. Erraustu egingo dute.
Urnietako Udalak batzar berezia egin zuen atzo, eta Leterekiko “zorra” duela adierazi zuen agiri instituzionalean. Lete “aitortzeko eta dagokion errespetua agertzeko” ekimenak antolatzeko prest azaldu da Udala, Mikel Izagirre alkateak esan zuenez.
Gauean Reala-Athletic derbia hastear zela minutu bateko isilunea gorde zuten atzo Anoeta estadioan. Durangoko Azokan omenaldia egin zioten, haren kanta batzuk abestuz.
Lete ostiraletik Donostiako erietxean zeukaten, lasaigarriak emanda, haren osasunak okerrera egin zuelako. 1985ean gaixotasun larri bat antzeman zioten.
Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, baina kantaria baino gehiago idazlea izan da, eta poesian eman ditu alerik ederrenak. Azken liburua duela bi urte argitaratu zuen:
Egunsentiaren esku izoztuetan.