Eguneko zentroaren lokala Aldundiari lagatzea onartu du Udalbatzak
Urteko azkeneko ohiko plenoa egin zuen atzo iluntzean Lezoko Udalbatzak. Bertan hamabi puntu jorratu zituzten. Xoxolur Eguneko Zentroari buruzkoa izan zen aztertu zuten lehendabiziko puntu garrantzitsua. Horrela, Auñamendi kaleko lokalak Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzea aztertu zuten, eurek eguneko zentro bezala kudeatzeko. Lagapen hori doan izango da eta hainbat baldintza zehaztu dituzte (obrak nork eta nola egin, zein baldintzatan kenduko den lokala…). Jon Legorburu Hirigintza, Obra eta Zerbitzu zinegotziak azaldu zuenez, “Aldundiak eguneko zentroa ahal bezain laster jarri nahi du. Aste honetan teknikariak ibili dira, ekipamendurako neurriak hartzen”. Kepa Garbizu EAJko zinegotziak esan zuen aurreko legegintzaldian beste egitasmo bat aurkeztu zutela, baina “honek ez dio inori kalterik egingo. Ezer baino hobeto da”. PSE-EEko Mikel Antxon Arrizabalagak “beste ezaugarri batzuk dituen beste leku bat” nahiago duela adierazi zuen. Bozketa aurrera atera zen ezker abertzaleko eta EAJko kide baten botoarekin. Arrizabalaga eta Garbizu abstenitu egin ziren. Ingurune jasangarritasun txostenari, alegazioa Hirugarren puntuan S-1 eremuko D lursailaren xehetasun azterlana behin betiko onartzea erabaki zuen Udalbatzak, aho batez. Laugarrenean, berriz, Pasaiako Portuko Plan Zuzentailearen ingurune jasangarritasun txostenari jarritako alegazioa aztertu zuten. Haritz Salaberria Lezoko alkateak esan zuen alkate-dekretuz aurkeztu duela alegazioa, “baina udalbatzarraren iritzia jakin nahi genuen”. Garbizuk esan zuen etorkizunean badian merkatal zerbitzurik ez [...]
Urteko azkeneko ohiko plenoa egin zuen atzo iluntzean Lezoko Udalbatzak. Bertan hamabi puntu jorratu zituzten.
Xoxolur Eguneko Zentroari buruzkoa izan zen aztertu zuten lehendabiziko puntu garrantzitsua. Horrela, Auñamendi kaleko lokalak Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzea aztertu zuten, eurek eguneko zentro bezala kudeatzeko. Lagapen hori doan izango da eta hainbat baldintza zehaztu dituzte (obrak nork eta nola egin, zein baldintzatan kenduko den lokala…). Jon Legorburu Hirigintza, Obra eta Zerbitzu zinegotziak azaldu zuenez, “Aldundiak eguneko zentroa ahal bezain laster jarri nahi du. Aste honetan teknikariak ibili dira, ekipamendurako neurriak hartzen”.
Kepa Garbizu EAJko zinegotziak esan zuen aurreko legegintzaldian beste egitasmo bat aurkeztu zutela, baina “honek ez dio inori kalterik egingo. Ezer baino hobeto da”. PSE-EEko Mikel Antxon Arrizabalagak “beste ezaugarri batzuk dituen beste leku bat” nahiago duela adierazi zuen. Bozketa aurrera atera zen ezker abertzaleko eta EAJko kide baten botoarekin. Arrizabalaga eta Garbizu abstenitu egin ziren.
Ingurune jasangarritasun txostenari, alegazioa
Hirugarren puntuan S-1 eremuko D lursailaren xehetasun azterlana behin betiko onartzea erabaki zuen Udalbatzak, aho batez.
Laugarrenean, berriz, Pasaiako Portuko Plan Zuzentailearen ingurune jasangarritasun txostenari jarritako alegazioa aztertu zuten. Haritz Salaberria Lezoko alkateak esan zuen alkate-dekretuz aurkeztu duela alegazioa, “baina udalbatzarraren iritzia jakin nahi genuen”.
Garbizuk esan zuen etorkizunean badian merkatal zerbitzurik ez dela egin behar, “baina portua beste nonbait jarri behar da, Gipuzkoako ekonomia hankaz gora bota nahi ez bada”. Alkateak alegazioa egitea oztopatuko ez zutela adierazi zuen, “alegazioak egin nahi dituenak egin ditzala”.
Arrizabalaga, bestalde, ez zetorren bat alegazioaren edukiarekin, “fundamentalista” dela iritzita. Berak ere portua barnetik atera behar dela babestu zuen, “baina lanpostuak gorde behar dira”.
Salaberriak erantzun zien denek bat egiten zutela egungo portua kaltegarria dela, baina planteatzen duten kirol portuarekin bat ez datorrela. “Kirol portu horrekin hiri autonomo bat planteatzen dute, Lezorekin zerikusirik ez duena. Biziberritzeak interesgarria izan behar du, baina hemen bizi garenontzat, ez betiko interes ekonomikoentzat”, gaineratu du alkateak. Horregatik, alegazioa “bide horretik doala” azaldu zuen. Iñigo Esnaola ezker abertzaleko zinegotziak ere hartu zuen hitza eta kanpo kaiaren sustatzaileak “kearekin jolasten” ari direla salatu zuen. “Ez dute argi zer nahi duten eta hori azalean geratu zen [ahaldun nagusi] Markel Olanoren eta [Pasaiako Portuko Agintaritzako lehendakari] Miguel Buenean arteko eztabaidan”.
Bozketan ezezko botoa eman zuen, baina aurrera atera zen EAJren eta ezker abertzalearen aldeko botoarekin.
Itsas korridorearen proposamena
Udalbatzarreko bosgarren puntuan Oceana itsas kontserbaziorako nazioarteko elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Biologoen elkarteak egindako proposamena aztertu zuten. Donostia eta Miarritze arteko itsas korridore ekologikoa egitea proposatu diete erakundeei. Udal Gobernu Taldeak bere egin du proposamena.
EAJko ordezkarien arabera, proposamen horrek kanpo kaiaren aurkako asmoa du. “Alegazioak aurkez ditzatela”, adierazi zuen Garbizuk. PSE-EEko ordezkariak, berriz, korridore proposamen horretatik kanpo kaiaren proiektuari dagozkion zatiak kentzeko eskatu zuen, “portu berri horrek izango lukeen balioagatik”. Adierazpen instituzionala aurrera atera zen ezker abertzaleko kideen botoarekin.
Eusko Jaurlaritzak Portuko administrazio kontseiluan Lezoko Udaleko ordezkaria Errenteriakoagatik aldatzeko erabakia errekurritzea onartu zuten ezker abertzaleko eta EAJko zinegotziek. Sahararen aldeko mozioa ere onartu zuten, baita Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunarena ere.