«Udalari gardentasuna ematea, legegintzaldian egin dugun gauza garrantzitsuenetakoa izan da»
Aurretik gertutakoak ikusita erabaki du Udalak Kode Etikoa egitea. Udalean gertatzen dena kontrolatzeko funtzionamendu molde bat ezartzea da asmoa. Udalak gardena izan behar duela uste dute Etxeberriak eta Viñasek
Aitor Etxeberria (Oiartzun, 1969) alkateak eta Pavel Viñas zinegotziak (Oiartzun, 1976) argi dute Udalean ezin direla gehiegikeriak onartu, ezta politikariak herritarren kontura bizitzea ere. Horretarako sortu dute Kode Etikoa. Gardentasunari eman diote lehentasuna.
Zergatik ikusi duzue Kode Etikoa sortzeko beharra?
Pavel Viñas: Herriratutako gertaerak ezagututa [Martin Beramendiren legegintzaldiko «gehiegikeriak eta lege hausteak»] , argi eta garbi gelditu da udaletxean gertatzen dena kontrolatu behar dela, bestela edozer gauza gerta daiteke. Gure ustez, orain arte gertatutakoak guztiz onartezinak dira, horregatik egin dugu kodea. Kontziente gara gure buruari ere mugak jartzen dizkiogula, baina orain eta aurrerantzean halakorik berriro ez gertatzea da helburua.
Kode horrekin zuek salatutako gehiegikeriak saihestuko direla uste duzue?
Viñas: Kode Etikoak funtzionamendu molde bat ezartzen du. Azkenean, protokolo eta ordezkapen gastuak eta dietak ordenatu egiten ditu. Orain arte alkateak diru partida bat zeukan, ziurtagiriak ekartzen zituen eta kito. Orain, halako gastuak Ogasun Batzordean aurkeztu beharko ditu, ziurtagiri guztiekin eta plenoaren aurrean ere bai. Hala, oposizioak gastuen berri izango du eta herriak ere bai. Gainera, dirua kudeatzerakoan, alkateak bere buruari kontrola ere jartzen dio. Teknikariek lasaitasuna izatea lortzen dugu. Izan ere, prozedura administratiboak, espedienteak, obrak… garatzeko jarduera molde bat ezarri dugu, non legezkoak diren bideak bakarrik jarraitu behar direla planteatzen den. Teknikoek ikusten badute politikariak paso egiten duela, esan ahal izango diote, ‘aizu, eta kode hau zer?’. Uste dugu ordena jartzen dela udaletxean.
Aitor Etxeberria: Azken finean, batez ere gardentasunari ematen zaio lehentasuna. Zaila izango da horrelako kontrola jarrita lehengo aurrekariak errepikatzea, publikoak izango direlako gastuak. Hiru ikerketa ardatz jarri dira mahai gainean; prozedura administratiboa, protokolo eta ordezkapen gastuak, eta espedienteen erabilera. Horiek ordenatu eta gardentasuna eman zaie.
Baina nola muga daiteke gastu kopurua?
Etxeberria: Azkenean, kopurua baino garrantzitsuagoa da diru hori zertan xahutu den. Hor dago kodearen printzipioetako bat. Zertan, norekin, nola gastatzen den. Muga horiek zehatz-mehatz ezartzea zaila da. Baina oposizioak esan ahal izango du ez gastatzeko, edo bai… eztabaidatuko dugu eta mahai gainean utziko dira gaiak hurrengoan kasu hori ematen denerako. Kode Etikoarekin ardatz batzuk jarri ditugu, luxuaz hitz egiten dugu esaterako. Egia da subjektibo samarra dela kontzeptua, baina gardentasun horrek emango dio indarra jarraitu beharreko protokoloari.
Viñas: Kasu honetan gainera, inork ez du etorri behar azterketarik egitera. Eztabaida lehen momentutik ematen da. Gastu bat gehiegizkoa denean, teknikariek, oposizioak eta herritarrek ere jakiteko aukera dute lehen momentutik. Lehen horrelakoak jakitea ezinezkoa zen. Gu ez bagina udaletxean egon susmatu ahal izango genuke aurretik zer gertatu zen, baina inoiz ez genuke jakingo atera dena datu objektiboekin. Kasu honetan, gainera, oposizioak ere izango ditu datuak. Alkateaz gain, zinegotzi guztiek ere kargu eman beharko dute. Gogorarazi nahi dut, bestalde, ez garela dietez eta protokolo gastuez bakarrik ari. Kode Etikoa zabalagoa da. Lehenengo zatian, lehenengo artikuluetan, jardunari buruz ari gara eta zein muga dituen. Legeak markatzen dituen pautekin eta udaletxean barne mailan dauden ordenantzekin zorrotzak izan behar dugu. Gero dokumentuen gaia ere bildu dugu. Argi eta garbi gelditzen da dokumentu publikoak, espedienteak ezin direla udaletxetik atera. Zinegotziek eta alkateak izango dute eskubidea fotokopiatu eta ateratzeko, baina originalak ez. Norbaitek galde dezake zein den ezberdintasuna, baina handia da. Originala eramanez gero, udaletxean ez dago konstantziarik. Pasa den legegintzaldian oso garrantzitsuak ziren espedienteak eraman zituzten, udaletxean ez zegoen konstantziarik eta hainbat lan oztopatu ditu horrek: etxebizitzaren gaiarekin egindako azterketa guztiak, atzeratuta gelditu diren zenbait espediente, Loriartzunen material guztia… Teknikariek ere ez zituzten eta ezin genuen ezer egin. Diru laguntza batzuk galtzear egon garelako eta espedienteak falta zirelako iritsi gara dokumentuak topatzera.
Martin Beramendik salaketak jarriko dituela iragarri du, tartean zuei. Zer iruditzen zaizue?
Etxeberria: Argi eta garbi daukagu agerraldi hartan esan genituenak frogatuta daudela. Bai udaletxeko teknikarien txostenekin eta baita dokumentuekin ere. Beraz, Martin Beramendik egin dezakeen bide judizialari ez diogu inongo beldurrik. Uste dugu gu beldurtzeko jokoa jolasten ari dela, baina esan behar dugu ez gaituela beldurtuko eta egin beharreko bidea berdin-berdin egingo dugula, ez dezala horretan dudarik izan. Ez gaitu gure bidetik mugituko. Argi dugu Udalari gardentasuna ematea izan dela legegintzaldi honetan egin dugun gauza garrantzitsuenetako bat.
Viñas: Nire iritzia da hau. Aurrera egin nahi du, ihes egin, beti bezala. Beregan fedea izan dezakeen jendea gehiago nahasi nahi du. Aurrera ihes egin beharrean beste jarrera bat hartu behar lukeela uste dut, onartzea, hasteko. Baina ez gaitu beldurtuko.
Zer iruditzen zaizue herrian gaiaren gainean sortu den mugimendu guztia?
Viñas: Guk ez dugu baloratuko, ez dagokigulako guri, baina ulertzera iritsi gaitezke. Azkenean, pertsona batek batez beste, 1.200 euro gastatzen zituen bazkaritan eta afaritan bakarrik, Udalaren kontura. Eta agian ez da garrantzitsuena, bereziki, ondorioengatik; garrantzitsuagoak dira prozedura administratiboan eman diren urraketak eta dokumentuena. Baina gauden egoeran egonda, familia askok ez dituzte 1.000 euro baino gehiago irabazten hilean, agian lauzpabost pertsona dira etxean eta hark Udalaren kontura egin zituen otordu ederrak. Herrian horrelako erantzunak egotea normala iruditzen zait. Guk ez dugu baloratuko ondo dagoen edo gaizki dagoen hori guztia. Azkenean, herria subiranoa da, eta erantzuten du ulertzen duen eta sentitzen duen gisan.