Kode Etikoa sortu dute, alkateen eta zinegotzien gehiegikeriak saihesteko
Gehiegikeriarik berriro ez gertatzeko eta herritarren diru publikoa behar bezala kudeatzeko sortu dute. Alkatetzako gastuen berri eman beharko dute alkateek eta zinegotziek.
«2003-2007 legegintzaldian Martin Beramendi alkate zela egindako gehiegikeriak eta xahubideak berriro gertatu ez daitezen eta herritarren diru publikoa behar bezala kudeatzeko», Oiartzungo Udalak alkateentzako eta zinegotzientzako Kode Etikoa osatu du. Pasa den ostegunean aurkeztu zuten Pavel Viñas zinegotziak, Aitor Etxeberria alkateak eta Joxe Mari Mitxelena Oiartzungo EAko kideak.
Kode Etikoa martxan jartzen dutenean, Alkatetzako gastuen berri eman beharko dute unean uneko alkateek eta zinegotziek udalbatzarraren aurrean, «oiartzuarrek aukeratutako hautetsi guztien foruma den tokian».
Aurreko legegintzaldian gertatutako gorabeherak aztertzeko sortutako Ikerketa Batzordeak sentitu du Kode Etikoa egiteko beharra, «Beramendi alkate izan zeneko datuak, testigantzak eta txostenak jaso ondoren».
Beramendiren jarrera salatu
Pasa den asteko agerraldian berriro gogora ekarri zuten Beramendi alkate ohiaren jarrera: «Beramendik ilegalitate zantzuak dituzten eta moralitaterik gabeko zenbait gehiegikeria egin zituen alkatea izan zen bitartean: plenoaren eskumenak hartu zituen; kontrataziorako legeak urratu zituen (Mendibilgo parkean alkatearen eskumenekoak ez ziren obrak agindu zituen, dirurik gabe); ordezkaritza gastuetan eta dietetan onartezinak diren gastuak egin zituen (183.000 euro gastatu zituen; horietako 83.000, janarietan eta edarietan, kopuru handi bat jai egunetan); Alkatetzako bulegoetan zegoen dokumentazioa berarekin eraman zuen (herritarren eskaera ofizialak, Udal espediente originalak, Udalak ordaindutako azterketak eta proiektuak…)».
Beramendik izandako jarrerak Oiartzungo Udala ataka estuetan jarri duela salatu zuten: «Aurreikusi gabeko gastuak ekarri ditu (Mendibilgo parkean egindako lanengatik 358.000 eurotik gora ordaindu behar izan ditu Udalak) eta dokumentazio originalik gabe utzitakoan, arazoak sortu dizkio Udalari».
Abenduaren 1ean martxan
Lehenbailehen jarri nahi dute martxan Kode Etikoa: hurrengo udalbatzarrean Kode Etikoaren proposamena (beheko koadroan) jorratuko dute zinegotziek.
Honela, Aitor Etxeberria alkateak bere gastuen berri emango dio udalbatzarrari abenduaren 1ean. Aurrerantzean, hilero, udalbatzarreko puntu finkoa izango da alkatearen eta zinegotzien gastuen berri ematea.