Donostialdeko Zatikako Plana bertan behera uzteko eskatu du Eguzkik
Donostialdeko Zatikako Plana (PTP) pil-pilean dagoen gaia da eskualdean. Eusko Jaurlaritzak datorren hilabetean onartu nahi du plan hori. Hainbat eragilek plan horren kontrako jarrera adierazi dute, tartean Eguzki talde ekologistak. Eguzkik plan hori gaitzetsi du, “garapen jasangaitzaren ereduaren adierazpen bat gehiago besterik ez delako”. Eredu hori egitasmo zehatzetan oinarritzen dela adierazi dute talde ekologistakoek, “Pasaiako kanpo kaia eta Abiadura Handiko Trena bezalako proiektuetan. Kosta ala kosta ezarri nahi dituzte egitasmo horiek, eskatzen ez dituzten herritarren lepotik”. Zatikako Planak ezer antolatzen ez duela zehaztu du Eguzkik, “baizik eta beste hainbatek hartu dituzten erabakiei zilegitasuna ematen die”. Horrela, salatu dute bai kanpo kaia bai AHT-k baldintzatzen dutela plan hori: “Lezo-Gaintxurizketako korridorean egin nahi duten egitasmo bakarra plataforma logistikoa izango da. Plataforma hori kanpo kaiarentzako eta AHT-rentzako izango da, nahiz eta trena bidaiarientzako bakarrik izango den”. Beste adibide batzuk gehiago jarri dituzte, Zubietako espetxea eta errauste planta kasu. Gainera, Urumea ibaiaren ibarrean egin nahi dituzten 20.000 etxebizitzak gaitzetsi dituzte, “horrek Astigarraga, Donostia eta Hernani guztiz itxuraldatuko lituzke, hirigune bakarra sortuz”. Errepide gehiago “Eta nola ez, planak errepide gehiago iragarri ditu. Eneko Goia gaiko ahaldunak esan zuen Bigarren Gerrikoarekin errepide sarea bukatuta gelditu zela (bera baino lehen egon zirenek ere horrelakoak esan zituzten), baina [...]
Donostialdeko Zatikako Plana (PTP) pil-pilean dagoen gaia da eskualdean. Eusko Jaurlaritzak datorren hilabetean onartu nahi du plan hori. Hainbat eragilek plan horren kontrako jarrera adierazi dute, tartean Eguzki talde ekologistak.
Eguzkik plan hori gaitzetsi du, “garapen jasangaitzaren ereduaren adierazpen bat gehiago besterik ez delako”. Eredu hori egitasmo zehatzetan oinarritzen dela adierazi dute talde ekologistakoek, “Pasaiako kanpo kaia eta Abiadura Handiko Trena bezalako proiektuetan. Kosta ala kosta ezarri nahi dituzte egitasmo horiek, eskatzen ez dituzten herritarren lepotik”.
Zatikako Planak ezer antolatzen ez duela zehaztu du Eguzkik, “baizik eta beste hainbatek hartu dituzten erabakiei zilegitasuna ematen die”. Horrela, salatu dute bai kanpo kaia bai AHT-k baldintzatzen dutela plan hori: “Lezo-Gaintxurizketako korridorean egin nahi duten egitasmo bakarra plataforma logistikoa izango da. Plataforma hori kanpo kaiarentzako eta AHT-rentzako izango da, nahiz eta trena bidaiarientzako bakarrik izango den”. Beste adibide batzuk gehiago jarri dituzte, Zubietako espetxea eta errauste planta kasu. Gainera, Urumea ibaiaren ibarrean egin nahi dituzten 20.000 etxebizitzak gaitzetsi dituzte, “horrek Astigarraga, Donostia eta Hernani guztiz itxuraldatuko lituzke, hirigune bakarra sortuz”.
Errepide gehiago
“Eta nola ez, planak errepide gehiago iragarri ditu. Eneko Goia gaiko ahaldunak esan zuen Bigarren Gerrikoarekin errepide sarea bukatuta gelditu zela (bera baino lehen egon zirenek ere horrelakoak esan zituzten), baina PTPak errepide hori Iruneraino luzatu nahi dutela iragarri du, besteak beste”, salatu du talde ekologistak. Horrez gain, Irungo Olaberria auzoan zentral termiko batentzako lekua gorde duela gaitzetsi du Eguzkik.
Horrela, “ingurunea hormigoiaren menpe” jarri dutela salatu dute. “Babesten dituzten lekuak ez dituzte inguruaren balioarengatik babesten, baizik eta oraindik ez dutelako errepide eta hirigintza egitasmorik egin”.
“Alarmak piztu dituzte”
Hainbat eragileren eta erakunderen artean PTPak “alarma pizteak” harritzen ez diela esan dute Eguzkikoek. “Udalek, gainera, ikusi dute planak euren eskumenak urratzen dituela, hirigintza garapena nolakoa izan behar duen zehazten duelako eurak kontuan hartu gabe”. Hala, plana bertan behera uztea berretsi du Eguzkik.