PTParen aurka alegazioak aurkezteko epea 2011ko urtarrilera arte luzatu dute
2.000 herritarrek baino gehiagok sinatu dituzte alegazioak oraingoz; urtarrilaren 20ra arte sinatzen jarrai dezakete
«Herritarren mugimendua zabala eta handia da eta dagoeneko bere eragina edukitzen ari da», jakinarazi dute Donostialdeko Zatikako Planaren (PTP) aurka sortutako Herri Batzordeko kideek. Herritarrek eta Irungo, Lezoko eta Oiartzungo udalek ere eskatuta, Eusko Jaurlaritzak planari alegazioak aurkezteko epea urtarrilaren 20a arte luzatu du.
Hortaz, oraindik alegazioa sinatu ez duten oiartzuarrek horretarako aukera izaten jarraitzen dutela gogorarazi dute Herri Batzordeko kideek. Alegazioak aurkezteko kutxak udaletxean, Manuel Lekuona Bibliotekan eta Elorsoro kiroldegian daude.
2.000 alegaziotik gora
Herritar talde batek deitutako bilera baten harira sortu zen herrian Lurralde Plan Partzialaren aurkako mugimendua eta, jadanik, herri osora zabaldu dela nabarmendu dute.
Elizalden eta auzoetan bilerak egin dituzte eta lan talde handia ari da alegazioak sinatzeko lanean. Herritar guztiei informazioa emateko eskuorri bat ere banatu dute etxez etxe. Beste ekimen batzuk ere abian jartzea da herritar taldearen asmoa.
Bestalde, duela bi aste jarri zituzten alegazioak biltzeko buzoiak martxan. Ordutik, 2.000 herritarrek baino gehiagok sinatu dute Donostialdea-Bidasoa Beheko Lurralde Plan Partzialak Oiartzungo lurretan egitea aurreikusten duen «obra handien kontra».
Irunen eta Lezon ere eragina izango du aipatutako Lurralde Planak (2. saihesbidea handitzea, Irunen Olaberriako garraio plataforma eta Lezo-Gaintxurizketako garraio plataforma). Herri horietan ere herritarrak egitasmo horien aurka agertu dira eta alegazioak jasotzen ari dira.
Mozioa, hurrengo plenoan
Abenduaren 1eko plenoan lantzeko mozioa aurkeztu du, bestalde, Oiartzungo herritar taldeak. Mozioan, «herritarren babes zabala lortu duen alegazioa oinarri hartuta, Udalak bere osotasunean azpiegitura erraldoi horien aurkako iritzia ager dezala eskatzen da». Iritzi hori Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari formalki adierazi diezaiotela ere eskatuko diote Udalari, «hala, proiektu horiek Zatikako Planetik kendu ditzaten».