Ezker abertzaleak instituzioei konpromiso gehiago eskatu die
Ezker abertzaleko zinegotziek indarkeria matxistaren kontra lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu dute azaroaren 25a dela eta. Zehazki, atzo PSE-EEk, EAJk, EBk, Alkarbidek eta PPk sinatutako adierazpen instituzionalari egin dio erreferentzia: “Ja...
Ezker abertzaleko zinegotziek indarkeria matxistaren kontra lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu dute azaroaren 25a dela eta. Zehazki, atzo PSE-EEk, EAJk, EBk, Alkarbidek eta PPk sinatutako adierazpen instituzionalari egin dio erreferentzia: “Jarrera politiko argiak beharrezkoak badira ere, hutsaren hurrengo bihurtzen dira jokabide eraginkor eta sendoak ematen ez badira”. Zentzu horretan, “benetako pausoak” emateko eskatu diete instituzioei, “ez baitira nahikoak sinadura sinbolikoak”.
Datu bat ere gogorarazi nahi izan dute: Gipuzkoako “zorigaiztoko ranking-ean” bigarren dagoela Errenteria-Orereta. “Zer egiten dugu horrelakorik gerta ez dadin? Nola ez da posible denon adostasuna biltzen duen gai honetan konponbiderik ez aurkitzea? Benetan lehentasunezko gaia dela sinesten al dugu?”.
Udalari gogorarazi diote oraindik Berdintasun Batzordearen sorreraren eta Berdintasun Teknikariaren zain daudela, azken horrek irailean hasi behar baitzuen lanean.
Hala, matxismoaren kontrako udal politika ez dute uste egun batera mugatuta egon behar denik, baizik eta egunero egin behar dela. Ildo horretatik, hezkuntza oso tresna baliotsua dela azaldu dute, eta funtsezko tresnatzat jo dituzte Berdintasun Kontseilua eta Udal Eskola Kontseilua; batik bat, herritarrak inplikatu ahal izateko.
Azaroaren 25eko ekimenetan parte hartuko dutela jakinarazi dute, eta herritarrei ere hala egiteko deialdia luzatu diete.