Orain arteko txapeldunak omenduko dituzte XXX. Aurresku Txapelketan
Etzi (Hilak 27) lehiatuko da Donibaneko kiroldegian Euskadiko XXX. Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketa. Punta-puntako zortzi dantzari irtengo dira oholtzara jokoan dagoen txapela eta Tomas Muruaren eskultura beren herrira eraman asmoz. 19:00etan hasiko...
Etzi (Hilak 27) lehiatuko da Donibaneko kiroldegian Euskadiko XXX. Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketa. Punta-puntako zortzi dantzari irtengo dira oholtzara jokoan dagoen txapela eta Tomas Muruaren eskultura beren herrira eraman asmoz. 19:00etan hasiko da ikuskizuna, eta azken urteetan bezala, lehiaz harago izango da soka dantzaren emanaldiarekin gozatzerik.
Atzo aurkeztu zuen txapelketa Alkarkidek, Donostiako Koldo Mitxelenan. Alkarkideko Nekane Maritxalarrek, Dantzarien Biltzarreko, Pasaiako Udaleko eta Kutxako ordezkariak lagun izan zituen aurkezpenean.
Alkarkide Saria, zendutako Xabier Mendizabalentzat
Aurresku txapelketak urteurren biribila du aurten, xxx. aldia baitu, eta horrek, noski, izango du isla etziko ikuskizunean. Txapelketaren historian irabazle izan diren dantzari guztiak izango dira Donibanen. Urte hauetan guztietan txapelketan parte hartu duten 400dik gora dantzariek omendu nahi ditu Alkarkidek modu honetan, orain arteko txapeldunei urteurrenaren oroigarri bana emanez.
Txapelketaren bigarren aldian irabazle izan zen Xabier Mendizabal donostiarra aurten zendu da, eta Alkarkide Saria berarentzako izango da. Emazteak jasoko du etzi urteurrenaren oroigarria.
Igandean, ‘zapatatxo alaiak’
Igandean, bestalde, eta kiroldegian bertan ukrainar haur dantza talde baten emanaldia izango dela iragarri du Alkarkidek. Les Joyeux Petits Souliers du izena taldeak, euskaraz zapatatxo alaiak. Dantza emanaldietan lortzen duten dirua umezurtz etxeetara eta ospitaletara bideratzen dute aipatu dantza taldeko arduradunek.