Indarkeria matxistaren biktimen arreta hobetzeko hitzarmena sinatu dute
Errenteriako Udalak, Osakidetzak eta Errenteriako Ertzain Etxeak hitzarmena sinatu dute indarkeria matxistaren biktima direnen arreta hobetzeko. Akordio horren bidez, sinatzaileak “elkarlanean eta koordinatuta jarduteko konpromisoa” hartu d...
Errenteriako Udalak, Osakidetzak eta Errenteriako Ertzain Etxeak hitzarmena sinatu dute indarkeria matxistaren biktima direnen arreta hobetzeko. Akordio horren bidez, sinatzaileak “elkarlanean eta koordinatuta jarduteko konpromisoa” hartu dute, eta hala, hitzarmen horren Koordinazio Batzordea osatu dute.
Horiez gain, beste konpromiso batzuk ere hartu dituzte: “Bakoitzak bere erakundetan indarkeria sexista edo sexu erasoak jasandako emakumeekin lan egiten duten pertsonak Koordinazio Batzorde horren jardueraz informatuta mantentzea; langile horiei formazioa ematea; herritarrei zuzendutako informazioa eta udalerri mailako zerbitzu eta baliabideak bateratuta sozializatzea eta elkarlanean informaziorako edo sentsibilizaziorako materialak sortzea”.
Atzo sinatu zuten lankidetza hitzarmena hiru aldeek (Ertzaintzaren ordezkaria falta zen): Maite Peña Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Mikel Bagues Iztietako osasun etxeko arduradunak eta Inmaculada Sanchez Kaputxinoetako osasun etxeko arduradunak.
Maite Peñak azaldu zuenez, protokolo horren bidez, EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Legea garatuko dute. Gaineratu zuen horren bidez, tratu txarrak eta sexu erasoak jasaten dituzten emakumeen arreta hobetu nahi dutela, pasa den den otsailaren 3an EAEko erakundeen artean sinatu zuten akordioa oinarrian edukiz.
Azkenik hitzarmen hori sinatzea “aurrerapena” dela adierazi zuen “egin beharreko bide luzean. Zehaztu zuen “lehenbailehen” jarriko dutela martxan sinatutakoa.