Kulturarte jardunaldiak bihartik Hondarribian
Kulturarte gogoeta, artea eta ospakizuna elkartuz, argazki zein bideo erakustaldi, dantza, musika, otordu eta eztabaida saioetan oinarritutako jardunaldia da. Helburu zehatza dauka; jendartea munduko beste errealitateetara gerturatzea. Brasil da Kulturarte jardunaldien lehenengo herri gonbidatua. Kontraste eta kontraesanez betetako herria; natura aberats eta oparoa eta mestizaje etniko eta kulturala dituena, pobrezia gordinen eta aberastasun nabarmenen lurra, esperantza eta borroka ugariren eszenatokia.
Bihar hasiko dira jardunaldiak Zuloaga Etxean arratsaldeko 19:00etatik aurrera. El Pueblo Brasileño: encuentros y desencuentros dokumentala eskainiko dute, eta jarraian, eztabaida izango da Danilo Paiva Ramos antropologo brasildar eta indigenen ikerlariarekin. Larunbatean, dantza brasildarren tailerra izango da 10:30ean Amuteko elkartean. Arratsaldean, bideo emanaldia eta argazki erakusketa 16:30ean denda kalean eta dokumentala eta eztabaida 18:30ean Zuloaga Etxean. Igandean aldiz, babarrunjate brasildarra izango da Olagarron, 14:00etatik aurrera.