2011rako zerga ordenantzak aldatzea onartu du udalbatzarrak
Ia bost ordu behar izan zituen Pasaiako udalbatzarrak gai zerrendara aurkeztutako hamabi puntuak eztabaidatzeko eta erabakitzeko. Hala ere, eta ika-mika dezenterekin, gai gehienak aurrera atera zituen Udal Gobernu Taldeak, tartean 2011rako udal zergen ...
Ia bost ordu behar izan zituen Pasaiako udalbatzarrak gai zerrendara aurkeztutako hamabi puntuak eztabaidatzeko eta erabakitzeko. Hala ere, eta ika-mika dezenterekin, gai gehienak aurrera atera zituen Udal Gobernu Taldeak, tartean 2011rako udal zergen ordenantzak aldatzeko proposamena. Zerga gehientsuenei KPI gehitzea proposatu du Gobernu Taldeak, eta proposamena aurrera atera da Udal Gobernu Taldearen aldeko botoekin, PPk eta PSE-EEk kontra botatu arren, EAJ, EB eta H1 abstenitu egin zirelako.
2010eko aurrekontua orekatzeko baxak ere onartu zituzten, maileguari ezetz esan zioten arren, botazioa nominala izatea eta puntuz puntu egitea eskatu zuelako oposizioak.
Foru Aldundiko hitzarmena egokitzeko proposamena ere onartu zuen udalbatzarrak, baina ez zen gauza bera gertatu lehengo uztailaren 28ko plenoan hartutako akordioa zuzentzeko proposamenarekin. Epez kanpo hartu zen akordioa udalbatzarrak eta akatsa zuzendu nahi zuen Gobernu Taldeak, baina bakarrik geratu ziren saiakeran.
Gobernu Taldea eta oposizioaren arteko ezadostasunak, edonola ere, hasiera hasieratik azaleratu ziren. PSE-EEk udalbatzarraren deialdia ez ohikoa izateagatik bere kexa agertu zuen berriro, eta botazio gehienetan kontra botatu zuen. Hala ogasun arlokoetan nola hirigintza eta administrazio arloko gaietan.
EAJ eta H1 eta PP ere kritiko agertu ziren udal gobernuaren kudeaketarekin eta EBk, aldiz, gehienetan alde egin zuen.