2011ko Ordenantza Fiskalak %2 igotzea erabaki du Udalbatzak
Datorren urteko Ordenantza Fiskalak %2 igotzea erabaki du gaur Errenteriako Udalak udaletxean egin duten ezohiko Osoko Bilkuran. Horrez gain, Errenteriako Udaleko langileen soldatak %5 murriztea onartu dute PSE-EE, EAJ eta Hamaikabat alderdien babesarekin.
Datorren urteko Ordenantza Fiskalak %2 igotzea erabaki du gaur Errenteriako Udalak udaletxean egin duten ezohiko Osoko Bilkuran. PSE-EE, EAJ, PP eta Hamaikabat alderdien babesarekin onartu dute Ordenantza Fiskalak igotzeko proposamena. Ezker Batua abstenitu egin da eta ezker abertzaleak, berriz, proposamenaren kontra bozkatu du.
Onartutako proposamenaren baitan, autobus zerbitzuaren eta Ondasun Higiezinen zerga bere horretan mantentzea erabaki dute alderdiek. Zaborraren tasa, berriz %3 igoko da datorren urtean eta uraren tasa, bestalde, %5.
Soldaten jaitsiera
Espainiako Diputatuen Kongresuak defizita murrizteko aplikatu beharreko neurrien dekretua onartu zuen joan den maiatzaren 20an. Errenteriako Udalean murrizketa hori ezarri edo ez eztabaidatu dute gaurko bilkurako gai zerrendaren bigarren puntuan udalbatzako kideek.
PSE-EE, EAJ eta Hamaikabat alderdien babesarekin, Errenteriako Udalean murrizketa ezartzea onartu du Udalbatzak. Ezker abertzaleak, Ezker Batuak eta PPk defizita murrizteko neurriak ezartzearen kontra bozkatu dute.
Gaur onartutako proposamen horren baitan, Errenteriako Udaleko langileen soldatak %5 murriztuko dituzte.