Generoa hizpide Bekoz Bekok antolatutako zinema topaketan
Emakumea interesgune dituen lau film labur proiektatuko dituzte etzi Trintxerpeko alkateordetzan, Bekoz Beko elkarteak antolatua.
Generoaren gaineko hausnarketa bultzatzea. Horixe Bekoz Beko Elkarteak etzirako antolatu duen zinema topaketaren helburua. Udaleko Berdintasun Sailaren eta Ikuskaren laguntzaz, Pasaiako emakumeei zuzendutako topaketa prestatu dute, 16:30etik aurrera, Trintxerpeko alkateordetzan.
Generoaren gaia jorratzen duten film laburrak emango dituzte lehenik, ondoren, ikusitakoaz solasaldia egiteko Xabier Odriozolak gidatuta.
Lau film labur proiektatuko dituzte: Propiedad privada; Las mofas mágicas; Pretérito perfecto eta Beldur barik. Film guztiak Ikuskako aurreko aldietan emandakoak dira eta denek dute emakumea interesgune.
Antolatzaileek esan dutenez, solasaldia kafearekin eta gozo gauzekin lagunduko dute.
Solasaldia bukatzean, nahi dutenek gai berberaren inguruko film labur gehiago ikusi ahal izango dituzte, 19:00ean, han bertan Ikuska abiatuko baita Emea eta anitza sailaren baitako filmen proiekzioarekin.