Errenteriako Udalak Marokoko Armadak egindako erasoa salatu du
Pasa den asteartean Marokoko Armadak Aaiungo (Mendebaldeko Sahara) Gdeim Izik kanpalekua erasotu zuen. Besteak beste, eraso hori salatzeko, Errenteriako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak agiria kaleratu du. Lehenik eta behin, Aaiungo Gdeim Izik kanpal...
Pasa den asteartean Marokoko Armadak Aaiungo (Mendebaldeko Sahara) Gdeim Izik kanpalekua erasotu zuen. Besteak beste, eraso hori salatzeko, Errenteriako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak agiria kaleratu du.
Lehenik eta behin, Aaiungo Gdeim Izik kanpalekuan protesta egitera joan ziren 20.000 sahararrei elkartasuna adierazi diete. Horrekin batera, Marokoko Estatuak Saharako herriaren giza eskubideen kontra egin dituen erasoak salatu dituzte bozeramaileek. Zehazki, asteleheneko erasoa aipatu dute. Horren kontra, “kondena energikoa” egin dute.
Ildo horretatik, Marokoko agintariei Saharako herriaren kontra egiten ari den errepresio gogorrarekin amaitzeko eskatu diete.
Haatik, SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari babesa eman diote eta Saharako herriari askatasuna lortzeko bidean laguntzeko konpromisoa azaldu dute.
EB Europako Batasunarengana ere zuzendu dira, eta eskatu die Marokorekin daukaten lankidetza akordioa bertan behera uzteko, behin baino gehiagotan bigarren puntua (giza eskubideei dagokiona) urratu duelako.
Hurrengo puntuan Marokoren gainean aritu dira: “Marokok nazioarteko araudia errespetatu behar du, batik bat, NBE Nazio Batuen Erakundeak Mendebaldeko Saharan autodeterminazioaren gaineko erreferenduma egitearen aldeko erabakiak, modu horretara, deskolonizazio prozesua behin betirako amaitzeko”. Hala, beharrezkotzat jo dute NBEk, EBk eta Espainiako Estatuak Marokori eskatzea erreferenduma martxan jartzeko.
Herritarrak, berriz, Saharako herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzean parte hartzera animatu dituzte.