Boxeolariek erakustaldia egingo dute hilaren 21ean
Herriko boxeolariek erakustaldia egingo dute Irungo eta Anoetako boxeolariekin batera hilaren 21ean Paco Bueno gimnasioan. Erakustaldia 12:00etan hasiko da eta Gipuzkoako Boxeo Txapelketa prestatzen hasteko baliagarria izango da. “Garrantzitsua ...
Herriko boxeolariek erakustaldia egingo dute Irungo eta Anoetako boxeolariekin batera hilaren 21ean Paco Bueno gimnasioan. Erakustaldia 12:00etan hasiko da eta Gipuzkoako Boxeo Txapelketa prestatzen hasteko baliagarria izango da.
“Garrantzitsua izaten da boxeolarientzako horrelako erakustaldiak egitea. Entrenamendu antzekoak dira eta beste herrietako boxeolariekin batera aritzea polita izaten da Gipuzkoako txapelketa prestatzen hasteko”, azaldu du Alfonso Gonzalez, Zamoritak.
Azken hilabetean, bikain
Paco Bueno gimnasioan Zamoritaren aginduetara entrenatzen ari diren boxeolariek emaitza bikainak lortu dituzte azken hilabete hauetan parte hartu duten hainbat txapelketa eta borrokaldietan.
“Mutilek gogor entrenatzen dute eta emaitzak lehenago edo beranduago iristen dira”, gaineratu du Zamoritak.
Profesionaletara jauzia
Joan den uztailean, profesional mailan egin zuten debuta Ivan Estebez eta Ivan Guzman boxeolariek. Herrian egindako borrokaldian Estebezek puntutara gainditu zuen bere arerioa, baina Guzmanek galdu egin zuen. Lehenengo garaipena Ordizian lortu zuen Guzmanek astebete beranduago.
Urrian, Sorian (Espainia) egindako borrokaldietan nagusi izan ziren Yuri Pompillo, Juango Sanz eta Nico Tavolosky boxeolariak eta beste horrenbeste egin zuten Aranda de Dueron (Burgos, Espainia) egindako borrokaldietan.
Guzmanek, Pompillok eta Sanzek hainbat borrokaldi egingo dituzte abenduan Gasteizen eta hurrengo hilabeteetan Esukal Herritik kanpo ere arituko dira.