‘Trumoiak’ ikuskizuna itzuliko da San Juan plazara, berritua
Santiagoko Deabruak elkarteak jendearen parte hartzea bultzatu nahi du biharko saio piromusikalerako Bihar gauean San Juan plaza erreko dute, eta udaletxea ere ez da su garretatik salbu geratuko. Arratsaldeko San Joan suaren ondoren, hiriko plaza nagusia suzko infernu bilakatuko da Santiagoko Deabruak Kultur Elkarteak antolatuko duen Trumoiak ikuskizun piromusikalak iraungo dituen 31 minutuetan. Gaueko hamaiketan hasiko da. Plazako lanak hasi arte egiten zuten Correfoc-a, baina biharko prestatu dutenak zerikusi gutxi du harekin, ikuskizuneko arduradun Jose Mari Clementek aurreratu bezala: “Lehen Karrika Nagusian eta San Martzial karrikan sartzen ginen, baina plaza berria oso handia da eta urduri gaude, zaila izango delako dena betetzea”. Guztira, hamabi lagunek parte hartzen dute Trumoiak-en, “bederatzi efektuak sortzen, eta, beste hiru, materiala prestatzen”. Musika ere aldatu dute, akziozko zenbait filmetako soinu bandatako doinuak hautatuz (Matrix, Blade, Van Helsing…). “Ikuskizun berrirako musika egokia da”, dio. Clementeren esanetan, bihar gaueko ikuskizuna parte hartzailea izatea nahi dute: “Hasieratik eta bukaerako ekintza hasi bitartean jendeak parte hartzea nahi dugu, plazara sartzea”. Horretarako eskuetan zer daukaten jakitea ezinbestekoa da: “Norberak erabil dezakeen materiala da, baina ez dago salgai, piroteknian eskatu dugu propio. Elementu bakoitzaren efektua ezagutzen dugu, piroteknian utzitako bideoak ikusi ditugulako. Eta horrekin jokatzen dugu, guk badakigulako zerk erretzen duen [...]
Santiagoko Deabruak elkarteak jendearen parte hartzea bultzatu nahi du biharko saio piromusikalerako
Bihar gauean San Juan plaza erreko dute, eta udaletxea ere ez da su garretatik salbu geratuko. Arratsaldeko San Joan suaren ondoren, hiriko plaza nagusia suzko infernu bilakatuko da Santiagoko Deabruak Kultur Elkarteak antolatuko duen Trumoiak ikuskizun piromusikalak iraungo dituen 31 minutuetan. Gaueko hamaiketan hasiko da.
Plazako lanak hasi arte egiten zuten Correfoc-a, baina biharko prestatu dutenak zerikusi gutxi du harekin, ikuskizuneko arduradun Jose Mari Clementek aurreratu bezala: “Lehen Karrika Nagusian eta San Martzial karrikan sartzen ginen, baina plaza berria oso handia da eta urduri gaude, zaila izango delako dena betetzea”. Guztira, hamabi lagunek parte hartzen dute Trumoiak-en, “bederatzi efektuak sortzen, eta, beste hiru, materiala prestatzen”. Musika ere aldatu dute, akziozko zenbait filmetako soinu bandatako doinuak hautatuz (Matrix, Blade, Van Helsing…). “Ikuskizun berrirako musika egokia da”, dio.
Clementeren esanetan, bihar gaueko ikuskizuna parte hartzailea izatea nahi dute: “Hasieratik eta bukaerako ekintza hasi bitartean jendeak parte hartzea nahi dugu, plazara sartzea”. Horretarako eskuetan zer daukaten jakitea ezinbestekoa da: “Norberak erabil dezakeen materiala da, baina ez dago salgai, piroteknian eskatu dugu propio. Elementu bakoitzaren efektua ezagutzen dugu, piroteknian utzitako bideoak ikusi ditugulako. Eta horrekin jokatzen dugu, guk badakigulako zerk erretzen duen eta zerk ez, baina jendeak ez daki. Antzerki pixka bat egiten dugu, beldurra, urduritasuna pizteko. Jendea ezustean harrapatu nahi dugu”.
Parte hartu nahi dutenentzat gomendio batzuk eman ditu ikuskizunaren arduradunak: “Arropa bakeroa, kotoizkoa eta txapela eramatea; hori nahikoa izan daiteke”. Esan duenez, hamar urtean egindako saioetan inork ez du zauririk izan; «gu izan gara erre garen bakarrak».
Haurren danborrada, etzi
Trumoiak ikuskizunaz gain, sanmartzialetan beste bi ekitaldi antolatzen ditu Santiagoko Deabruak taldeak: binakako puzzle lehiaketa (gaur, 16:30ean) eta haurren danborrada (bihar, 19:00etan).
Binakako puzzle lehiaketan berritasun bat dago aurten. “Zabaltza plazan egiten genuen, baina aurten Erromes plazan egingo dugu, Zabaltzan saskibaloi txapelketa egin behar dutelako”, argitu du Clementek.
Puzzle lehiaketak bezala, haur danborradak ere Erromes plaza zapalduko du (ikus ibilbidea ondoko egitarauan). Danborrada antolatzen hasi zirenean deabruek argi zuten zer nahi zuten: “Haurrentzako musika ekitaldi bat antolatu nahi genuen, baina ez haurrek entzuteko, baizik eta haurrak protagonista izateko”. Juan Jose Iturrioz Musika Bandako zuzendariari laguntza eskatu zioten eta honek Josetxo Silguerorekin hitz egin, eta danborradan jotzen dituzten bi piezak sortu zituzten: San Juan Arriaren Martxa eta San Juan balsa.
Puzzle lehiaketa zein danborrada, biak ala biak urtetik urtera hazten doazen ekitaldiak dira. Trumoiak bezala, Santiago auzoko deabruek ilusio handiz antolatzen dituzte. Sanmartzialetako lehen asteburua lanean ematen dute, eta gainontzeko egunak disfrutatzeko dituzte.